Gaurtik aurrera
Berrikuntzaz beterik, 'GTG Jai School' saioaren 2. fasea
A.E.|EiTB
12 ikastetxek jarraituko dute 3.000 euroko saria lortzeko lehian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'GTG Jai School' ETB1eko saioak bigarren fasea hasiko du gaur, astelehena. Euskal Herri osoko 24 ikastetxek parte hartu dute lehenengo bueltan eta erdiek lortu dute hurrengo faserako txartela.
Berrikuntzaz beterik dator bigarren fasea. Platoan erronka berriak egingo dituzte eta ikastetxe bakoitzaren herrian zehar hainbat proba gainditu beharko dituzte lehiakideek. Herritarren parte hartzea beharrezkoa izango dute puntuak irabazteko. Erronka batzuk dibertigarriak izango dira eta beste batzuk tentsio handikoak. Institutuetan lip dub-ak grabatuko dituzte eta platoan dantzan eta imitazioak egiten ikusiko ditugu. Adimen probak eta gutarren erronkak ere izango dira fase berrian.
Honako hauek dira 3.000 euroko sariaren bila jarraituko duten ikastetxeak: Jaso ikastola (Iruñea), Bihotz Gaztea ikastola (Santurtzi), Ander Deuna ikastola (Sopela), Elorrio institutua (Elorrio), Lekeitio institutua (Lekeitio), Altsasu institutua (Altsasu), Saturnino de la Peña institutua (Sestao), Urritxe institutua (Zornotza), Larramendi ikastola (Donostia), Jesuitak ikastetxea (Durango), Herri Ametsa ikastola (Donostia) eta Santa Teresa ikastetxea (Donostia).
Bigarren fasean, astero lau ikastetxe lehiatuko dira elkarrekin; aurreneko bi egunetan bi, eta hurrengo bi saioetan beste biak. Guztira, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko 12 ikastetxek parte hartuko dute fase berrian.
'GTG'ko ohiko ikurretik aldendu gabe, saioak Euskal Herriko ikastetxe jatorrena aurkitzea du helburu; DBHko 4. mailako ikasleek hartzen dute parte bertan, eta ikasbidaia egiteko 3.000 euroko txekea eskuratuko du ikastetxe irabazleak.
Ikastetxe bakoitzetik bost lagun lehiatuko dira ikasgelaren izenean, eta gelako ikaskideen babesa izango dute platoan. Bigarren fasean, gutar ohiak eta kuxkuxeroak ere egongo dira platoan. Ikastetxe bakoitzeko bost ikaslez osaturiko taldeak gutar ohi bat izango du kapitain, erronketan laguntzeko. Guztira, sei lagunek osatuko dute taldea.
Txurru eta Irantzu izango dira epaileak, eta Amaia Puertas eta Nakor Markez ikastetxeekin gutarlari lanetan arituko dira oraingo fase honetan ere. Halaber, gonbidatu bereziak eta ezusteko mordoa izango dira fase berrian.
'GTG Jai School', 21:10ean hasita ikusgai, ETB1en.