Gaur, 21:30ean
Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Belen Cruz 'Nomofobikak' 'Gure Kasa'n izango dira
A.E.|EiTB
Onintza Enbeita, Iban Garcia eta Jon Astiazaranen tarteak ere izango ditugu gaurko saioan.
Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Belen Cruz aktoreak hartuko dituzte gaur 'Gure Kasa'n. Sarean kateatuta dabiltza hiru neska hauek. Nomofobikek ez dakite mugikorrik gabe bizitzen. Selfiak atera eta atera ibiltzen dira egun osoan, sare sozialetan 'atsegin dut' sakatzen eta mezuak bertxiokatzen. Umore handiz hartzen dute euren gaixotasuna. Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Belen Cruz herriz herri dabiltza antzezlan honekin.
Onintza Enbeita nomofobika izatetik urrun samar dago, baina mugikorraren bizimodu berri honen hausnarketa egingo digu.
Iban Garciak Donostiako kaleetara eraman du ikuskizuna, eta Donostiako lekurik berezienetan aritu da dantzan.
Astero bezala, sagardotegira joango da 'Gure Kasa' Jon Astiazaran sagardo adituarekin. Oraingoan, Hernaniko Petritegi sagardotegia ezagutuko dugu, eta han egiten den guztiak ikusita harrituta geldituko gara.
'Gure Kasa' 21:30ean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.