21:30ean
Kirmen Uribe idazlea 'Gure Kasa' saioan izango da gaur
EiTB
New York hiriarekin harreman estua duen ondarroar honek hamaika sari irabazi ditu eta euskal idazlerik esanguratsuenetakoa da. Gainera, Onintza Enbeitak agurrei buruz hitz egingo du.
Gaur gauean, 'Gure Kasa' saioan, Kirmen Uribe idazlea hartuko dute. New York hiriarekin harreman estua duen ondarroar honek hamaika sari irabazi ditu eta egun euskal idazlerik esanguratsuenetakoa da. Eleberriez gain, olerkiak, abestiak eta umeentzako ipuinak ere idatzi ditu. Hori guztia gutxi balitz, bere azken liburua, Elkarrekin esnatzeko ordua, zinemara eraman nahi du Asier Altuna zinema-zuzendariak.
Esaldiak bata bestearen atzetik botatzen aditua izatearen fama dauka Onintza Enbeitak; asteleheneko saioan, gaitasun hori dela medio, agurrei buruz hitz egingo du. Iban Garciak, berriz, 'Straight arm' challenge-a dakarkigu, sare sozialetan bolo-bolo dabilen azken joera: besoa tolestu gabe baso bat ur edaten ahaleginduko da.
Bestalde, Mikel Garaizabal inspiratzeko ondo datorren bodega horietako batera joan zaigu, Gil Berzal upategira. Euskal Gastronomia Akademiak eman dion sariaz ere mintzatuko da Garaizabal.
'Gure Kasa' 21:30ean hasita izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en.