21:30ean
Markel Olano izango da, gaur gauean, 'Gure Kasa'n
EiTB
Gainera, Euskaraldia ostiralean hasiko dela eta, La Basu abeslaria gonbidatu dute saiora.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia hartuko dute 'Gure Kasa'ko platoan gaur gauean. Ikasketaz filosofoa bada ere, gazte-gaztetatik politikari bezala aritu izan da. Astelehenean, bere lanaz hitz egingo du eta hainbat pasarte bitxi partekatuko ditu platoko lagunekin.
Nerea Aliasek gonbidatuaren Oroitzapenen kaxa osatuko du Beasainen, Markel Olanoren jaioterrian. Hainbat sorpresa topatu dituela aurreratu du.
Aitor Frantsesena, berriz, Antonio Sanchezekin izan da oraingo honetan. 81 urte ditu, baina ez dago bera geratuko duenik: boxeoa, flexioak, txalaparta jo... gazte-gazte eginda dago gizona! Iban Garciak, ordea, nahiko lan izango ditu push up challenge-a egin nahian. Modako erronka dela eta, kalera irten da eta bertan ikusi duen jendeari flexioak egiteko erronka bota dio.
Saioari goi-mailako amaiera emateko, Euskaraldia ostiralean hasiko dela eta, 'Gure Kasa'k ere bere ekarpena egin nahi izan du. Horregatik, La Basu abeslaria izango da platoan, Euskaraldiaren abestiaren egileetako bat.
'Gure Kasa' astelehenetik ostegunera izaten da ikusgai, 21:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.