21:00etan
Behobia-Donostia lasterketaren inguruko 'Gure Kasa' berezia, gaur gauean
EiTB
Iraitz Arrospide, Maria Zorroza, Joseba Llorente eta Maite Begiristain gonbidatuek probaren inguruan hitz egingo dute.
Astea bukatzeko, igandera begira jarriko dira 'Gure Kasa'ko lagunak; izan ere, Behobia-Donostia lasterketaren inguruko saio berezia izango dute. Horretarako, Iraitz Arrospide, 50 km-ko lasterketan munduko txapelduna eta aurreko urtean Behobian bigarren postua lortu zuen korrikalaria; Maria Zorroza, aurreko urteko Behobiako lehen euskal emakumea; Joseba Llorente, Realeko jokalari ohia eta korrikalari amorratua, eta Maite Begiristain, 63 urteko korrikalari beteranoa izango dituzte gonbidatu.
Guztiek hartu dute parte Behobian; are gehiago, Maite Begiristainek 23 ediziotan egin du korrika lasterketa mitikoan. Gonbidatuek lasterketan izan duten esperientziaz hitz egingo dute, baina baita lasterketaren nondik norakoen inguruan ere.
Gainera, kolaboratzaileak ere kirolariak izango dituzte: Aitor Frantsesena eta Joseba Beloki, zehazki. Azken hau beste aspaldiko baten bila joan da; oraingoan, Gasteizera. Bertan, Gaizka Tokero futbolari ohiarekin izan du hitzordua.
Behobia-Donostiari buruzko 'Gure Kasa' saio berezia gaur gauean izango dugu ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan.