ETB1 eta eitb.eus
Igandetik aurrera zirkuaren magiak telebistara egingo du jauzi "Gure Zirkua Heldu Da" saio berriaren eskutik
EITB MEDIA
Iker Galartzak sorturiko Euskal Herriko lehen zirku ibiltariaren egunerokoa erakutsiko digu telebista saioak, Sua Enparantza aktore eta dantzariaren esperientziaren bitartez. Zirkuan kide berri baten bila ari dira, eta Suak zein abilezia dituen erakutsi beharko du. Igandero, 22:00etan.
Igande honetan, urtarrilak 21, estreinatuko du EITBk "Gure Zirkua Heldu Da" telebista saio berria, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Iker Galartzak sortutako Euskal Herriko lehen zirku ibiltariak sei urte daramatza gure herri eta txokoetan magia, poza eta ilusioa zabaltzen.
Orain, euskaraz sortutako ikuskizun mundialak telebistara egin du jauzi EITBren eskutik, eta "Gure Zirkua Heldu Da" telebista saioak zirkuko karparen atzean bizi duten egunerokoa erakutsiko digu Sua Enparantza aktore eta dantzariaren esperientziaren bitartez.
Sei urteren ondoren, 57 herritan egon da Gure Zirkuko karpa jarrita, eta 210.000 lagunen aurrean aritu dira bertako artistak. Bada, ETBko saioan, euren karabanetako ateak zabalduko dituzte, eta lanbide bat baino, bizitzeko modu bat dela erakutsiko digute.
Zirku ibiltari baten errealitatea nolakoa den ikusiko dugu, baita bertako kideen arteko harremana ere. Eurekin egindako elkarrizketen bidez, gertuagotik ezagutuko ditugu eta haiek egiten duten jardueraren balioa handituko da. Nola ez, zirkuko karpa barruan egiten duten ikuskizunak aho zabalik utzi du ikuslea, eta hori telebistan ere antzemango da.
Guztira lau atal izango dira, eta kontakizun honen giltzarria Sua Enparantza izango da, "Irabazi Arte" telesaileko protagonista eta Kukai dantza taldeko kidea. Zirkuan kide berri baten bila ari dira, eta Suak zein abilezia dituen erakutsi beharko du.
Gure Zirkua
Sua Enparantza