Itxi

ETB1en

Donostia Ospitalera bisita, 22:00etan, 'Handitzen, Handitzen' saioaren estreinaldian

EiTB

Leer en Castellano

Zuhaitz Gurrutxagaren gidaritzapean, saio berria estreinatuko du igande honetan ETB1ek, 'Herri Txiki, Infernu Handi'k utzitako tartean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostia Ospitalea ezagutzera eramango gaituzte gaur Zuhaitz Gurrutxagak eta bere sei lagunek (Irei, Izar, Irantzu, Maddi, Aratz eta Oneka) 'Handitzen, Handitzen' saioaren estreinaldian. Euskal Herriko leku enblematikoak barrutik ezagutzea du helburu ETB1eko saio berriak. Horretarako, Zuhaitzek, astero, bost edo sei laguneko haur taldearen konpainia izango du.

Irantzuk eta Zuhaitzek larrialdien zerbitzuak nola funtzionatzen duen deskubrituko dute. Bertan, Miren Koro medikuarekin hitz egin ostean, Irantzuren ametsetako bat betetzea eskatuko diote: hanka apurtu eta eskaiola jartzea!

Irei izeneko mutikoarekin, ordea, ospitaleko sukaldea bisitatuko du aurkezleak. Ustez munduko arrain zoparik onena probatzeko aukera izango dute, baina Ireiri sekulako zalantza sortuko zaio: bere amonarena baino hobea al da ospitaleko arrain zopa?

Saioa Algaraklown taldeko kidea da, eta sarritan joaten da ospitalera ingresatuta dauden umeei irribarre edo barre batzuk ateratzeko asmoz. Izar eta Oneka haurrekin batera, Zuhaitzek Saioaren lana ezagutzeko aukera izango du.

Donostia Ospitaleko lurreko koloretako marrak jarraituz, Aratzek eta Zuhaitzek Mikel izeneko erizain batekin egingo dute topo. Erizain bezala lan egiteak dituen gauza politak deskubritzeaz gain, ospitaleko langileek euren uniformeak non hartzen dituzten ikusiko dute Mikelekin batera.

Azkenik, bi parranda zale amorratu elkartuko ditu Zuhaitzek: 10 urteko Maddi eta ospitaleko zeladore Joxe Mari. Tartean, Julian izeneko paziente bat ere ezagutuko dugu.

Umorea, une politak eta sorpresa ugari izango ditugu 'Handitzen, Handitzen' saioaren estreinaldian, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)