22:00etan
Guggenheim Museoa, gaur gauean, 'Handitzen, Handitzen' saioan
EiTB
Zuhaitz Gurrutxagak Bilboko museoa bisitatuko du Malen, Izar, Oneka, Goar eta Aratz lagunekin batera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilboko Guggenheim Museoa bisitatuko dute igande honetan Zuhaitz Gurrutxagak eta bere lagun taldeak 'Handitzen, Handitzen' saioan. Malen, Izar, Oneka, Goar eta Aratzekin batera museoko txoko eta langile desberdinak ezagutzeko aukera izango du Gurrutxagak.
Lehenik eta behin Malenek artea zer den eta zer ez den azalduko dio Zuhaitzi. Haurraren iritzia aldatu egingo da, ordea, Ainhoarekin hitz egin ondoren, eta museoko artelan ezagunenari, Puppy txakurrari alegia, "arropak" nola aldatzen dizkioten ikusiko dute gure protagonistek.
Oneka txikiak margotutako Guggenheimeko marrazki bat koadro bihurtzen saiatuko da jarraian Zuhaitz. Horretarako, museoko diseinatzailea den Blancaren laguntza izango dute Onekak eta Zuhaitzek. Kuadroa amaitu ostean, bigarren pausoa etorriko da: kalean saltzen saiatzea. Lortuko al dute?
Bestetik, Aratzek eta Zuhaitzek museoan topa daitekeen lanbide bitxienetako bat ezagutuko dute: lan bertikalak egiten dituzten pertsonena. Horietako bat, Julen, Guggenheimeko fatxadan zintzilik ikusi eta bera ezagutzera gerturatuko dira.
Hernialdeko Goar txikiak ez dauka museo batean lan egiteko asmorik. Berak kamioilaria izan nahiko luke handitan. Erregistro eta erakusketen arduraduna den Irune Otxoaren eskutik, Goarrek eta Gurrutxagak artelanak nola garraiatzen diren eta non gordetzen dituzten ezagutuko dute.
Azkenik, Izarrek bere ingeles maila probatu beharko du museoko bisitari atzerritarrekin. Tartean, ordea, bisitari euskaldun batzuk ere ezagutuko ditu: Manu eta Irati, aita-alaba, museoko lagun modura askotan joaten diren bezeroak. Topaketa hau, gainera, sorpresa polit batekin amaituko da.
'Handitzen, Handitzen' igande honetan izango da ikusgai 22:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.