23:15ean
Antxoaren inguruan bizi diren euskaldunak, 'Herri People' saioan
EITB
Ibon Gaztañazpik antxoaren ekoizpen prozesu osoa ezagutuko du, Kantauri itsasoan harrapatzen denetik jatetxeetan eskaintzen den arte.
Antxoa eta antxoaren inguruan bizi diren euskaldunak izango dira gaurko 'Herri People' saioko protagonista. Hasteko, Eugenio Elduaien Itsas Eder ontziaren patroiarekin Kantauri itsasoan barrena egin du Ibon Gaztañazpik, antxoa harrapatzeko aitzakian.
Adin ezberdineko hamasei marinel aritzen dira arrantzan Itsas Eder itsasontzian. Marinel horiek antxoa arrantzatzen ikusiko ditugu egun oso batez. Baina, horretaz gain, euren istorioak kontatuko dizkigute: itsasoan bizitako une gozo eta latzak. Arrantzatutakorekin ia gau dela lehorreratuko dira Getarian, eta beste borroka bati ekingo diote bertan, antxoaren prezioa zehazteko.
Antxoa Getariako portuan lurreratu ostean, Itziar Etxeberria, bertako azken sardina-saltzailea, ezagutu du Gaztañazpik. Gaur egungo salmenta eta garai batekoa izango dute mintzagai. 12 urte zituela hasi zen amarekin eta ahizparekin arraina saltzen. Sasoi hartan, saskia buruan zuela, kalez kale ibiltzen zen saltzen. Gaur egun, ordea, leku finkoa du Zarautzen.
Laura, Ana Mari eta Lourdes Goyogana Carneiro antxoa lehengo erara kontserbatzen duten elantxobetarrak dira. 12 urterekin antxoa-fabrikan lanean hasi, trebatu eta euren kontura komertzializatzen jarraitu zuten gero. Haiekin, antxoa gatz-oliotan jartzeko prozesu osoa ikusiko du saioak, hasieratik bukaeraraino. Orain ez dute gatz-oliotan prestatutako antxoarik saltzen, etxekoen eta gertukoen artean banatzen dute, eta 500 kilo antxoa eta 6.000 kilo atun botilaratzen dituzte urtean.
Saioa biribiltze aldera, Elkano jatetxera joko dute antxoa parrilan, plantxan eta frijiturik ahoratzeko. 1964an sortu zuen jatetxea Pedro Arregik, garai hartako gastronomia irauliz. Aitak semearengan zaletasuna piztu, eta gaur egun Aitor Arregi futbolari ohia da sukaldearen motorra. Parrilaren xarmak egin du ezagun jatetxea, iaz Michelin izarra jaso zuelarik.
'Herri People' gaur izango da ikusgai, 23:15etik aurrera, ETB1en.