Itxi

Bueltan datoz!

12. denboraldiari ekingo dio igandean "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak

EITB

Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek Euskal Herriko herri txiki eta auzoak bisitatzen jarraituko dute, bertako biztanleen bizitza eta ohiturak ikuspegi umoretsu eta hurbiletik erakusteko. Orain arteko 11 denboraldietan 280 leku bisitatu dituzte, eta aurten 300eko zifrara helduko dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herriko herri txiki eta auzoen berezitasunak eta xarma ezagutzera emateko asmoz 2015eko urtarrilean jaio zen "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak 12. denboraldia estreinatuko du igande honetan (otsailak 1). Nafarroako lurretan abiatuko dute aurtengo bidaia Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek: Gartzainen. Baztan udalerria osatzen duten 15 herrietako bat dugu Gartzain eta 200 biztanle inguru ditu. 

Euskal Herriko herri txiki eta auzoen berezitasunak eta xarma ezagutzera emateko asmoz jaio zen programak ibilbide luzea osatu du: 280 lekutan izan dira eta aurtengo 22 atalekin 300eko zifra gaindituko dute. Berezkoa duten gertutasunez eta umore bereziarekin, Mirenek eta Pagadik lekuan lekuko bizilagunak ezagutu eta haiekin batera tarte ederrak pasako dituzte. Une atsegin horiek ikus-entzuleekin partekatuko dituzte bi aurkezleek, Sebastian Lizaso bertsolariaren kantaldiak lagun. 

Igande gauero, 22:00etan, ETB1en eta ETB ON plataforma-n ikusgai izango da "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa. Nafarroako Gartzainen ondoren, Lapuebla de Labarca (Araba), Errigoiti (Bizkaia), Angiozar (Gipuzkoa), Gaintza (Nafarroa) eta Atetz (Nafarroa) bisitatuko dituzte.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)