21:30ean
Pasai Donibanen izango da, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi'
A.A.
EiTB
Iazko Kontxako Bandera irabazi zuen nesken traineruan iritsiko dira Zuhaitz eta Pagadi bertara.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aste honetan, Pasai Donibanera (Pasai San Juan) bisita egingo dute Zuhaitzek eta Pagadik. Iazko Kontxako Bandera irabazi zuen nesken traineruan iritsiko dira San Juango plazara.
Pagadik, aurrez aurre dauden Pasai Donibane eta Pasai San Pedro barrutien arteko lehiaren lekuko zuzena izango da, antzinako lehia horren berri emango dioten hainbat herritarren lekukotzak bilduz. Badiaren ertzean kokatua dagoen jatetxe batera egingo du bisita bertako jabearen eskutik. Jatetxeak oso dekorazio bitxia du, eta bere jabeak, pasadizo are bereziagoak. Herriaren sarreran dagoen semaforoa orlegi jartzean, gazte baten kotxean sartu, eta herriaren punta batetik bestera joango da erdigunea zeharkatzen duen kale estutik. Kaleen estutasuna dela eta, Pasai Donibaneko alde zaharreko trafikoa norabide bakarrekoa da 10 minuturo. Boxeoari buruz irakasgai azkar batzuk hartzeko parada ere izango du Pagadik, duela urte asko Espainiako Txapeldun izan zen gizon alai eta indartsu baten eskutik.
Zuhaitzek herriko txikitero koadrila famatuena ezagutuko du plazako taberna batean. Haiekin tragoxka bat hartu ondoren, Donibaneko esperientzia handiko arrantzale batekin aterako da itsasora arrain bila. Itsasotik bueltan, arrantzatutakoa kaletik oparitzen ibiliko da kaleetan zehar. Zahar etxean, anekdota berezia kontatuko dion amona ezagutuko du. Lau seme-alaba ditu, eta guztiak, urtarrilean jaiotakoak. Arrazoia topatzen saiatuko da Zuhaitz. Bonanza auzoan, 60ko hamarkadan Kontxako lau bandera irabazi zituen arraunlari taldeko kideetako bat paseoan topatuko du Zuhaitzek. Sentimendu eta emozio handiz gogoratzen du bandera haien lorpena, eta jada, 50 urte igaro dira Frankoren eskutik jasotako oihal zati handi haiek azkenekoz ukitu zituenetik.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur, 21:30ean, dago ikusgai ETB1en.
n.