ETB1en, 22:00etan
Mallabian izango da, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi'
A.A. | EiTB
Gipuzkoako mugatik gertu dagoen Bizkaiako herri honen inguruko berezitasunak ekarriko dizkigute Zuhaitzek eta Pagadik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mallabia herria bisitatuko dute gaur Zuhaitzek eta Pagadik 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Gipuzkoako mugatik gertu dagoen herri bizkaitar honen berezitasunak ezagutuko dituzte bertako herritarrekin.
Pagadi asmakizun bereziak egiten dituen gizon batekin elkartu eta hauek praktikan jartzeko aukera izango du. Hala nola, sagarrak zuritzeko makina bat, babarrunak aletzeko beste bat eta barazkiak txikitzeko hirugarren bat… Horretaz gain, herri kiroletan parte hartzen duen neska batekin eta haren lagun batekin topo egingo du, eta herri kirol desberdinak praktikatuko dituzte elkarrekin; ingudea eta txingak besteak beste. Trabakua gainean dauden bi tabernetan poteatzeko aukera ere izango du herriko gizon koadrila batekin, eta bide batez, Mallabiar askoren bilgunea dena ezagutuko du.
Zuhaitzek, bere aldetik, herriko zahar etxeko zerbitzaria ezagutuko du eta haren espezialitatea den patata tortilla nola egiten duen ikusteko aukera izango du. Mallabia hainbat auzoz osatuta dago eta hauetako bat bisitatuko du Zuhaitzek herri gunetik aterata: Gerea auzoa. Bertan garai bateko eskola zaharra ikusiko du bertako ikasle izan zen emakume batek lagunduta, eta aspaldiko kontuez hitz egingo dute. Auzo berean bakarrik bizi diren bi anai ere ezagutuko ditu eta etxeko lanak nola banatzen dituzten kontatuko diote. Bukatzeko Mallabiko baserririk altuenean bizi den gizona ezagutuko du.
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa gaur gauean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en.