Herriz herri
Idiazabal, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
A.E.|EiTB
Gaztarengatik ezaguna den herriko bizilagunak ezagutuko dituzte Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, 22:00etan hasita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gipuzkoako Goierrira bueltatuko dira, gaur, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Konkretuki, gaztarekin lotura handia duen herrian izango dira, Idiazabalen.
Zuhaitzek hamaika musika-tresna eta hamaika ofizio izan dituen Naxario ezagutuko du herriko plazan. Maiterek Nazional 1 errepidea Idiazabal erditik pasatzen zenean bizi zituzten gorabeherak kontatuko dizkio; Sor Mercedes mojak, berriz, bere kotxearekin nola moldatzen den azalduko dio. Ojarbi auzoan bertako ura edaterakoan harrotasuna puzten duen iturria ezagutuko du Gurrutxagak, eta baita basurdetan aritzen den neska gazte bat ere.
Pagadik toki guztietara bizikletan joaten den Pablito ezagutuko du, eta baita Mari Carmen bere emaztea ere, landareak, loreak eta harriak biltzen dituen emakumea. Idiazabalgo baserritarren kooperatiban Montse, Martin Mari eta Maitane hamaiketakoa egiten topatuko ditu Mikelek, eta herriko eliza modernizatu duen gaztearen istorioa ere ezagutuko du. Bitxikerien artean, urteetan Doraemon pertsonaiari ahotsa jartzen zion emakumea ezagutuko du.
Gauza hauek eta beste asko ikusi ahal izango ditugu gaur, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, 22:00etan.
g>.