22:00etan
Bera, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n
EITB
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi traktore baten gurdian iritsiko dira herrira, lasto artean etzanda.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Berara (Nafarroa) hurbilduko dira gaur Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi bazterrak nahastera. Traktore baten gurdian iritsiko dira herrira, lasto artean etzanda.
Zuhaitzek Luis Irazoki ezagutuz hasiko du eguna. Luisek egunero-egunero egiten du hamaiketakoa. Ez du sekula hamaiketakoa barkatzen. Beretzat otordu berezia da inondik ere, bi gaileta jateaz gain, whisky baso bat ere hartzen baitu egunero. Joxeanek, aldiz, oso bestelako pasioa du. Behiak maite ditu, izugarri. Txiki-txikitatik behi artean hazitakoa da, eta nahiz eta behiek loa ere kentzen dioten, egunero tarte bat hartu behar izaten du behiak zaindu eta maitasun harremana lantzeko.
Bidean aurrera eginda, Andrea ezagutuko du Zuhaitzek, energia azaleko poro guztietatik irradiatzen duen gaztea. Andreak ezin du geldi egon. Dela pastelak banatzen, dela aitaren enpresan banaketa lanak egiten, dela bere animalia propioak zaintzen, Andrea geldiezina da. Zuhaitzi kontatuko dizkio bere energiaren nondik norakoaren sekretu guztiak.
Bukatzeko, Agustin ezagutuko du Zuhaitzek, tankera guztietako telenobelak ikusten dituen beratarra. Jatorri Hego-amerikarrekoak izan, ala turkiarrak izan, Agustinek mota guztietako telenobelak irensten ditu telebista aurrean egunero-egunero. Zuhaitzi bertan azaltzen diren pertsonaiak ezagutzen lagunduko dio. Lortuko al du Zuhaitzek telenobeletako pertsonaia eta tramak ulertzea?
Pagadik, bere partetik, Joxemari ezagutuz hasiko du eguna. Joxemarik herriari buruzko hainbat bitxikeria kontatuko dizkio. Herriko etxearen fatxadan dauden margolanak esaterako, beratarren izaeraren adierazle direla erakutsiko dio. Horretaz gain, Napoleonek Berako etxe batean lo egin zuela ere kontatuko dio. Ibardingo lepora igota, berriz, Berako herria eta inguruak hainbeste markatu dituen kontrabandoa aztertuko du Pagadik. Luis Altzuguren ezagutuko du bertan, gaztetan kontrabandoan aritutako herritarra. Baina kontrabandoaz gain, Luisek beste makina bat istorio gordetzen ditu. Itsasoko lanetan zaildutako gizona da eta gaur egun itsasora joaten ez den arren, itsasora begira jartzen da egunero bere Ibardingo etxetik.
Herriko erdigunera itzulita, Faustino ezagutuko du Pagadik. Faustinori izugarri gustatzen zaio kirola egitea. Bere burua sasoiko mantentzea maite du, eta horren erakusle da etxean indarra lantzeko erabiltzen duen tramankulua. Elikadurari ere berebiziko garrantzia ematen dio. Gosari sendoa egiteaz gain, edari energetikoak hartzea ere ba omen da sasoiko egoteko sekretu.
Azkenik eta bukatzeko, Martxel ezagutuko du Pagadik, bizikleta gainean eserita 'freestyle' kirola lantzen duen gaztea. Txapeldun hutsa da Martxel, bizikletarekin salto akrobatikoak eginda nazioarteko hainbat txapelketatan sariak eskuratutakoa baita. Pagadiri bizikleta gainean duen abilezia erakusteaz gain, saltoak egiteko klase txiki bat ere eskainiko dio.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.