Itxi

22:00etan

Gabirian izango da, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa

EITB

Leer en Castellano

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadik txofer batek gidatutako auto klasiko batean iritsiko dira Gipuzkoako herri honetara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Gabirian (Gipuzkoa) izango dira Zuhaitz eta Pagadi bazterrak nahasten gaur. Txofer pribatu eta guzti iritsiko dira bertara, 1920ko hamarkadatik ateratakoa dirudien auto dotore batean.

Zuhaitzek Jexuxi ezagutuz hasiko du eguna. Gosari ederra egitea gustatzen zaio Jexuxiri, hala ikasi zuelako gaztetan. Donostiako Maria Cristina hotelean egin zuen lan gaztetan, eta gosariak banatzen zituen gelaz gela. Zinemako izar handiekin ere egin zuen topo lanean ari zela; Marilyn Monroe eta Charlton Heston tarteko. Bidean aurrera eginda, Mikel ezagutuko du Zuhaitzek. Mikelek 20 urte besterik ez dituen arren, oso argi du bere ogibidea: artzain izan nahi du. Bere lagunek nahiago dituzte unibertsitate ikasketak egin, baina bera primeran moldatzen da ardiekin. Handitan artaldea handitu eta artzain izan nahi luke. Juan Inaziorekin, berriz, esne kontuak izango ditu Zuhaitzek aipagai. Juan Inazio herriko esne-banatzailea izandakoa da, eta, egun, Letxero gisa da ezaguna. Letxerok egunero kontsumitzen du bere etxeko behien esnea. Behia jezteaz batera hartzen du esnea, berau egosten jarri gabe. Dioenez, ona omen da osasunerako. Kortarekin, aldiz, idi eta porsche kontuak izango ditu hizpide Zuhaitzek. Kortak porsche autoa du, eta Gabiriako auzoetan hara eta hona ibiltzen da, zer eta idietara joateko! Negozio gizona baita Korta. Orain, idi eta jatetxeko kontuetatik bizi da.

Pagadik, bere partetik, Eusebio ezagutuz hasiko du eguna. Eusebio sarri joaten da Gabiriako elizako kanpandorrera bertako erlojua zaintzera. Gabiriako elizak, baina, beste hainbat misterio gordetzen ditu. Herriko jaiak iristen diren aldiro, kanpandorretik udaletxeko balkoira makilaren jaitsiera egiten dute, besteak beste. Aimarren eskutik, 1936ko gerrako kontuak izango ditu mintzagai Pagadik. Gabiriako herritar ugarik parte hartu zuten gerran, Eusko Gudarostean bereziki. Haietako gehienak Amaiur batailoian aritu ziren. Gaur egun, gertatutakoak gogoratzen dituen harria eta plaka daude Gabiriako mendi-magal batean. Bidean aurrera eginda, Joxe Mari ezagutuko du Pagadik. Joxe Marik ahariak entrenatzen ditu apustutarako. Entrenatzeko teknika bitxia du gainera, egurrezko kaiola batean sartuta eta traktorearekin tiraka entrenatzen baititu ahariak. Horretaz gain, bizitzarako gomendioa ere emango dio Pagadiri: ez dago ezkondu beharrik; bakarrik egonda ere, pozik bizi daiteke. Egunean zehar Pagadik ezagutuko duen azken pertsona Jose Luis izango da. Jose Luis udaletxean bizi da; zehatzago esateko, udaletxeko eraikinaren azpialdean. Aita herriko aguazila zuen, eta bertan bizi izan da familiarekin betidanik. Udaletxeko zinegotziak zaratatsuak dira zenbaitetan, aulkiak arrastaka mugitzen dituztelako. Jose Luisek, ordea, badu bizilagunak isilarazteko metodoa: jaurtigairik gabeko pistola tirokatzen du.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango dai ikusgaI, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)