22:00ean
Iurreta, igande honetan, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n
EITB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik A8 autobideko ordainlekuan galduta azalduko dira Bizkaiko herri honetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaurko 'Herri Txiki, infernu Handi' emankizunean, Iurretara (Bizkaia) joango dira Zuhaitz eta Pagadi. Erdi galduta bezala azalduko dira herrira, A-8 autobideko ordainlekuan bertan aurkituko baitute haien burua.
Zuhaitzek Joxe ezagutuz hasiko du eguna. Iurretako Amatza auzoan bizi da Joxe. Etxeko lanak egin ohi ditu, eta bereziki ditu gustuko patatak zuritu eta erratza pasatzea. Gaztaroan baina, dantzari fina izandakoa da Joxe. Zuhaitzi azalduko dio Iurreta dantzari estuki lotutako herria dela, eta bertan egiten duten dantzetako bat irakatsiko dio. Herriko inguru urbanora mugituta, Pedro Mari ezagutuko du Zuhaitzek. Pedro Marik 94 urte ditu baina oso gazte sentitzen da. Hemendik aurrera seme bat izaten badu, argi du zein izen jarriko dion: Zuhaitz Gernika, Zuhaitzen beraren eta Gernikako arbolaren omenez. Horretaz gain, Pedro Mariren eta Jesusa emaztearen maitasun istorioa ezagutuko du Zuhaitzek, Pedro Mari eta Jesusa lehen egunetik bezain enamoratuta baitaude. Mari Karmenekin, berriz, bizipoza ulertzeko bide bat ezagutuko du Zuhaitzek. Mari Karmen ezin da musika barik bizi. Dela quad gainean dela baserriko lanetan, beti izaten du bizkarretik zintzilik musika darion bozgorailu bat. Berak dioenez, pertsonak sagarrak bezalakoak izan behar dira, kanpotik petral itxurakoak; baina, barrutik, pastelaren gisakoak. Izaskunen eskutik bitxikeria saldoa ezagutuko ditu Zuhaitzek. Izaskunen etxean ortuko txuletak jaten dituzte, eta, postretarako, baita arrautza frijitu gozoa ere! Ez da baina, Izaskunen eskutik ezagutuko duen bitxikeria bakarra. Iurreta euskal dantzei estuki lotuta dagoen arren, Izaskunek nahiago du pasodoblea. Azkenik, herriko dantza taldearen entsegura gerturatuko da Zuhaitz, Iurretako plazara. Joxek goizeko lehen orduan irakatsitakoak praktikan jarriko ditu. Onartuko al dute iurretarrek, Zuhaitz, dantzari gisa?
Pagadik, bere partetik, Kiña ezagutuz hasiko du eguna. Kiña sarri egoten da Durango eta Iurreta arteko mugan zainketa lanak egiten. Pagadiri azalduko dio garai batean Iurreta Durangoren menpeko auzoa zela eta herritarren borondatearen kontra anexionatu zutela. 1990az geroztik, halere, Iurretak udalerri izaera berreskuratu zuen. Kiñak nahiago izaten du Iurretan egon, baina ardo batzuk hartzeko, ez dio Durangora joateari muzinik egiten. Goiuriko inguruetara gerturatuta, Txantxa ezagutuko du Pagadik. Dela 100 mila edota Hiru handiak proba, Txantxak makina bat mendi-maratoi egiten ditu. Ehundik gora kilometro oinez egitekoak gehienak. Esfortzu horri aurre egiteko, gainera, badu bere metodo propioa: aldean zapore desberdineko lau ogitarteko inguru izan ohi ditu indarra hartzeko, antxoa ogitartekoa tartean. Hegoiren eskutik, aldiz, Mexiko eta rantxera gaiak izango ditu hizpide Pagadik. Hegoik rantxera talde propioa du: Txapito Guzman eta Ibarrako langostinuek. Bera da abeslari eta trikitilari. Bera da Txapito delakoa; eta, Mexikoko zaporeak izugarri maite dituen arren, jalapeñoak beharrean gurago ditu Ibarrako piparrak. Eta tekilaren lekuan, patxarana. Azkenik eta bukatzeko, Justo ezagutuko du Pagadik. Justok ortuan aritzea maite du eta badu bere barazkiak modu egokian hazteko teknika: barazkiei bertsotan egitea. Horretaz gain, eguerdiko 12:00ak diren aldiro angelusa egiten du Justok. Bere etxeko teilatupea kapera inprobisatu bihurtu eta mokadutxoa egin ohi du bertan.
'Herri txiki, Infernu Handi' igande honetan izango da ikusgai, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en.