22:00etan
Busturia, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik gertu dagoen herria ezagutuko dute Zuhaitzek eta Pagadik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Urdaibaiko inguruetan ariko dira Zuhaitz eta Pagadi bazterrak nahasten, Busturian zehazki (Bizkaia). Bertako Madariagako dorrean abiatuko dute bisita, ondoren, Busturiako herritarrak ezagutzen hasteko.
Urdaibai eta Oka ibaiaren itsasadarraren inguruetatik ibiltzen ari dela, Erroxeli ezagutuko du Pagadik. Erroxelik azalduko dio Busturia arrantzale herria baino gehiago, marinel herria izandakoa dela. Bertako herritar ugari joan zen sasoi batean munduko itsasoetan barrena lanean aritzera. Ez da kasualitatea New Yorkeko euskal etxea, besteak beste, hainbat busturiarrek sortu izana.
Bidean aurrera segituta Karlos ezagutuko du Pagadik. Karlosek bere toki propioa du herriko tabernetako batean. Egunero joaten da bertara eta bere tokia hartzen du. Horretaz gain, hainbat bitxikeria ere baditu: behinola, buruhandi eta tripontzien txapelketa bat irabazi zuen.
Jose Mari Maioa herritarraren eskutik bizipoza zer den ikasiko du Pagadik. Hain zuzen ere, ondotxo daki hori Maioak. Pozik bizitzeko ezinbesteko dira umore ona, kantua eta, noizean behin, baita purua ere. Joseba abadearekin, berriz, herriko beste hainbat bitxikeria ezagutuko ditu Pagadik, hala mezak emateko dituen ordutegi arazoak, nola, konfesioak kalean egiteko teknikak.
Eguna Maria Luisa ezagututa bukatuko du Pagadik. New Yorken urte luzez bizitakoa da Maria Luisa eta orduan bizitakoak utzi dio aztarnarik: demokrata porrokatua da Maria Luisa eta ez ditu bereziki begi onez ikusten alderdi errepublikarreko agintariak.
Zuhaitzek, bere partetik, Benjamin eta Mari Tere ezagutuz hasiko du eguna. Benjaminek bere txoko preziatua du, bere esku propioekin eraikitako txabola. Mari Tereri, baina, ez zaio hain toki ederra egiten, hala moduz eraikita dagoela baitio. Bikoteak laster urrezko ezteiak ospatuko dituen arren, ez dira ospakizunarekin ados jartzen.
Bestalde, hamaiketakoa egiteko aukera ere izango du Zuhaitzek. Josebak erakutsiko dio itsasoko ur gazitan prestatutako bakailaoa zer nolakoa dagoen. Ez da baina Josebaren sekretu bakarra. Etxean bi telebista ditu Josebak, bat berak nahi duena ikusteko eta bestea emazteak nahi duena ikusteko.
Mari Jose ere ezagutuko du Zuhaitzek bidean aurrera eginda. Haurdunaldiekin hainbat anekdota izan ditu Mari Josek: modernoek esaten duten gisara penaltitz gelditu baitzen haurdun hiru aldiz. Horretaz gain baina, Mari Josek erakutsiko dio bizimoduak itsasoko kresalak bezalakoa behar duela izan: bizitasunez eta poztasunez betea.
Azkenik eta bukatzeko, Elisa ezagutuko du Zuhaitzek, Etxebarriatze baserrian bizi den emakumea. Argi du Elisak: bertan sortutako da, bertan bizi da,… eta bertan hiltzea nahiko luke.
Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.