Itxi

ETB1en

Zestoa, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Urola Kostako herri honetako istorio dibertigarri eta bitxiak ekarriko dizkigute Zuhaitzek eta Pagadik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Urola Kostara joango dira gaur, Zestoara (Gipuzkoa), Zuhaitz eta Pagadi. Herria Ekaingo kobazuloaren erreplikagatik eta mende batzuk atzeragoko bainuetxeagatik famatua den arren, bestelako istorio dibertigarri eta bitxiak topatuko dituzte bertan.

Pagadik Mikela ezagutuko du lehendabizi. Mikela sarri joaten da Zestoako udaletxera kafea hartu eta egunkaria irakurtzera. Dioenez, kafea ostatuan baino merkexeago dute bertan. Udaletxean pasatu ohi ditu goizak eta han ilustratzen da egunkaria irakurrita. Zestoako Josetxo alkatearen beraren laguna ere bada eta hura ere ezagutuko du Pagadik. Zestoako alkate ofiziala eta Zestoako auzo-alkatea beraz!

Arroa-erreka auzoko inguruetan Joxerramon ezagutuko du Pagadik. Baserritar petoa da Joxerramon eta bereziki maite ditu animaliak. Dela behia, dela txitoa, orduak pasa ditzake animaliei begira. Asko maite duen astoa ere badu Joxerramonek: Porrotx. Hori bai, Porrotxek, zenbaitetan, buruhauste batzuk ere ematen dizkio.

Musika estilo benetan gogorra entzuteko aukera izango du Pagadik, horixe baita Koldo apaizaren zaletasuna: musika gogorra. Koldo 'death metal' musika estiloaren maitale eroa da. Zerutik datorkion ofizioa eta ia-ia infernutik datorren musika afizioa partekatzen ditu Koldok.

Garai bateko Urolako trenaren geltokietako batean Juanjo ezagutuko du Pagadik. Historia benetan bitxia kontatuko dio Juanjok, garai batean famatu egin zen 'Pepe' loroaren historia. Geltokiko buruaren txistu hotsa imitatzen ikasi zuen loroak, eta ia-ia deskalabru bat eragin zuen Pepek.

Zuhaitzek, bere partetik, Prudentzi ezagutuaz hasiko du eguna. Prudentzi auzotarren zerbitzari leiala da. Irasagarra prestatu ohi du, eta bere auto propioa hartuta auzotarren artean banatzen du. Zuhaitzek kopilotu lanak egingo dizkio irasagarra banatu bitartean.

Naxari eta Peiorekin, aldiz, maitasun historia polit bat ezagutuko du. Naxarik, sortzez Zestoako Aizarna auzokoa den arren, oso argi du bera aizarnar peto-petoa dela. Hori bai, Peio zestoarrarekin ezkondu zen duela ia 50 urte. Bien artean zestoarren eta aizarnarren ohiko ika-mikak izaten dituzten arren, benetan pozik bizi dira elkarrekin.

Zuhaitzek Mari Angeles ezagutuko du gero, etxean miniaturazko amabirjina bat duen zestoarra. Urteko egun guztietan, ordu guztietan izan ohi du kandela bere ondoan piztuta. Ez da baina ohitura hau daukan zestoar bakarra, Mari Angelesen ahizpa Kontxitak ere gauza bera egiten baitu. Eguna Mari Angeles eta Kontxita gehiago ezagutuz bukatuko du Zuhaitzek, dena ez baita kandela eta amabirjina beneratzea. Bi ahizpek 'gilipuertas' izeneko ogitartekoa jan ohi dute eta oporretan Benidormera ere joaten dira.

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)