22:00etan
Zamudio, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Bizkaia aldera egindako bisitan hainbat istorio eta pasarte kurioso ezagutzeko aukera izango dute ETB1eko deabrutxoek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioko atalean Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Bizkaiko Txorierri eskualdean kokatutako Zamudio herria bisitatuko dute.
Zuhaitzek Zamudioko parke teknologikoa bisitatzen hasiko du eguna. Bertan geratzen diren baserri bakar horietako batean Juan Mari eta Anttoni ezagutuko ditu, eta hauen bitartez parke teknologikoaren sorrerak inguruan ekarri zituen aldaketen berri izango du, ordura arteko Zamudio guztiz aldatu omen zen. Herritik atera gabe, bertan Soba familiak kudeatzen duen denda bisitatuko du. Dendako jabe eta langileak izateaz gain, familia horretako kideek garraio enpresa bat ere daramate, eta egunero elkarrekin bazkaltzen eta afaltzen dute. Eguna amaitzeko, Zamudion oso maitatuak diren adin handiko bi emakumeri bisita egingo die Zuhaitzek: Geron eta Edurne. Herrian bizitako pasarterik kuriosoenak azalduko dizkiote gazteari.
Pagadik, ordea, Zorione eta Esther izeneko bi emakumerekin egingo du topo goizean goiz, eta hauek goizero egiten duten Ruta del Colesterol delakoa zertan datza azalduko diote. Horri esker mantentzen omen dira forman! Bestetik, Gabriel eta Juan Luis zamudiotarrak ezagutuko ditu: lehenengoa zaldi gainean ibiltzen da herritik, eta bigarrenak tamaina itzeleko idiak gobernatzen ditu, nahiko lan izango dute ordea Pagadi gobernatzen. Bisita bukatzeko, Zamudio gainetik pasatzen diren hegazkinen gertutasun zein maiztasunaren inguruan galdetuko dio Pagadik Itziar izeneko emakume bati.
Historia hauek eta gehiago 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan izango dira ikusgai, igande honetan, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.