Itxi

ETB1en

Aginaga, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Herri izaera duen Usurbilgo auzoko historia politak eta txokoak ezagutzeko aukera izango dugu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Aginaga bisitatuko dute gaur Zuhaitzek eta Pagadik, Usurbilgo auzoa izan arren, herri nortasun handia duen tokia.

Inazio izango da Pagadik ezagutuko duen lehen aginagarra eta alan ibiliko dira Oria ibaian zehar, edo errekan, bertan deitzen dioten moduan. Inaziok angulak harrapatzeko usadioa eta teknikak azalduko dizkio Pagadiri. Ondoren, Oskar ezagutuko du eta bere bitartez jakingo du Aginagak, Usurbilgo auzoa izan arren, herri izaera handia duela, besteak beste, angulen herria delako, Kontxako bi bandera irabazi dituelako eta, finean, aginagar petoak sentitzen direlako.

Maria Angeles izango da hurrengo ezagutuko duen pertsonaia eta Pagadi seko harrituta geratuko da emakumeak zenbakiak buruz ikasteko duen abilezia handiagatik. Benitorekin amaituko du Aginagako ibilbidea eta bere bitartez beste hainbat bitxikeria ezagutuko ditu. Dutxa fresko-fresko bat hartu ohi du Benitok kirola egin ostean, eta Pagadi berak ere bere ohitura probatuko du.

Zuhaitzek, hamaikagarrenez, gosari eder bat janez hasiko du Aginagako ibilbidea. Horretarako, Anttonen etxera sartuko da eta, oraingoan ere, ahoa bete hortz geratuko da jango duen gosari bereziagatik. Handik atera eta Kontxi eta Julian senar-emazteekin elkartuko da. Aginagarren abegikortasuna ezagutuko du Zuhaitzek, bixigarri bat hartzera gonbidatuko baitute.

Baina Zuhaitzen tripa-festa ez da hor amaituko. Izan ere, Patxik Alferren hamaiketakora gonbidatuko du. Hainbeste jan ondoren, ondo etorriko zaio Zuhaitzi zertxobait mugitzea eta horretan jarriko dute Etzabal ahizpek beraien baserrian. Lan franko egingo du Nieves eta Olatzen agindupean. Eta Mariarekin amaituko du bisita. Zuhaitz txundituta geratuko da Mariaren energiarekin, bere bizipen gogorra entzun ondoren.

Historia polit hauek eta Aginagako txokoak ezagutzeko aukera, gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)