22:00etan
Markina-Xemein, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EITB
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Markina-Xemeineko biztanleekin arituko dira solasean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Bizkaia aldean nahasiko dituzte bazterrak Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, eta zehazki, Markina-Xemeinen egongo dira.
Pagadik Agustin ezagutuz hasiko du eguna. Herriari buruzko hainbat bitxikeria kontatuko dizkio Agustinek, besteak beste, garai batean Markina eta Xemein bi herri independente zirela eta 1950eko hamarkadaren hasieran batu zirela. Arretxinagako baselizan, berriz, barnean dauden harritzar izugarrien inguruko bitxikeriak ere azalduko dizkio. Jesusekin, aldiz, makina bat liburu eta film konturi buruz arituko da. Jesusek izugarri maite ditu filmak, eta ondo gogoan ditu fitxa artistikoak ere. Hori bai, kexu da, bere iritziz ETBko filmek iragarki gehiegi izan ohi dutelako. Jose Antonio Axpe bizilagunarekin berriz, bere sagardoaren sekretuak zeintzuk diren ezagutuko du Pagadik. Iragarki barregarriak egin ohi ditu Axpek bere sagardoa ezagutzera emateko. Shaolin teknikak erabili izan ditu noiz edo noiz. Eguna Laka ezagututa bukatuko du Pagadik. Markina-Xemeinen hamar ile-apaindegi daude gutxi gorabehera, eta Laka da gizonezkoen ile-apaindegi bakarraren jabea. Bere negozioan sekula ez dira falta punk musika eta Athletic.
Zuhaitzek, bestalde, Kafetero ezagutuz hasiko du eguna. Goitizenak dioen bezala, kafea hartu ohi du Kafeterok, baina ez zaio bereziki gustatzen. Esne zuria da berak zinez maite duena. Tabernan esne zuria eskatzeak lotsa ematen diolako eskatu ohi du kafea. Bestalde, herriko eta inguruetako esaera zaharrak idatzi ohi ditu Kafeterok koaderno batean. Jesusa ere ezagutuko du Zuhaitzek; Jesusa, edo, hobeto esanda, Miss Aspiazu. Igerilekura joan ohi da egunero, eta Zuhaitzi erakutsiko dizkio igeri egiteko teknika guztiak. Gainera, Australian duela hainbat urte izandako bizimodua zer modukoa izan zen ere kontatuko dio. Joxeparen eskutik, kirol gehiago egiteko txanda iritsiko zaio Zuhaitzi. Bere 92 urteekin pedalak astintzea maite du Joxepak. Hori bai, kirola egiteko ondo elikatu eta hidratatu behar dela argi du. Bere etxean ez dira sekula falta salda eta konpota. Azkenik, eta bukatzeko, Aintzane ezagutuko du Zuhaitzek, herriko abesbatza batean kantatzen duen bizilaguna. Kantuak ikasteko teknika bitxia du, gainera. Dela ingelesa, dela serbiera, dela hebreera kantuen hitzak euskal ahoskerara gerturatzen ditu Aintzanek.
Istorio hauek eta gehiagogaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.