Itxi

22:00etan

Etxauribar, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EITB

Leer en Castellano

Arga ibaiak zeharkatzen duen Etxauribar haran ederrera joango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Arga ibaiak zeharkatzen duen Nafarroako haran ederrera joango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, Etxauribarrera, hain zuzen ere. Ibarra osatzen duten hainbat udalerri bisitatuko dituzte bertan.

Pagadik Habi ezagutuz hasiko du eguna. Mendiaren eta eskaladaren maitalea da Habi. Olatzagutikoa da sortzez, eta bere bizilekua Ziritzara aldatu zuen, eskaladarako horma aproposak esku-eskura izateko. Everesteko kontuak aditzeaz gain, eskaladan lehen urratsak egiten ere ausartuko da Pagadi. Ritxarren eskutik, berriz, hegaztiei buruzko makina bat bitxikeria ikasiko ditu Pagadik. Mundu osotik ekarritako hegaztiekin osatutako txoritegia du Ritxarrek. Dena den, untxi bat da bere txoritegiko izarra: bigotitos. Etxauriko herrian, Juan Inazio Atxa ezagutuko du Pagadik, sukaldeetan usnaka aritzea gustatzen zaion herritarra. Kubara egindako bidaiak eta Sarbil jatetxeko gorabeherak kontatuko dizkio. Eguna Arantza eta Mariarekin bukatuko du Pagadik. Etxauribarko inauteri kontuak izango dituzte hizketagai, besteak beste, bertan, pertsonaia berezi bat baitute: Gerexipot. Haren kondaira eta sekretu guztiak erakutsiko dizkiete.

Zuhaitzek, berriz, Mikel ezagutuko du Bidaurreta inguruan. Mikelek sarri egiten du Argiñaritz herrirako mendi ibilbidea, zer eta ogia erosteko. Mikelentzat Argiñarizko ogia da munduko ogirik onena, eta haren berezitasun guztiak kontatuko dizkio Zuhaitzi. Beraskoain herrian, berriz, Asier ezagutuko du, Arga ibaian piraguan ibiltzea maite duen herritarra. Asierrek beti du ura inguruan, bai lanean, eta bai etxean. Gainera, Beraskoaingo ur mineralaren berezitasunak erakutsiko dizkio. Zabaltzara mugituta, Iñaki eta Begoña ezagutuko ditu Zuhaitzek, etxean obra andana duen bikotea. Begoñak Iñakik eraikitako txokoan entseatzen du trikitiarekin: ahal dela, beti eguzkitan. Azkenik, eta bukatzeko, Etxarriko herrira joan, eta Txema ezagutuko du. Etxauribarko ospakizunak mintzagai izateaz gain, Etxarriko herriaren berezitasunak erakutsiko dizkio Txemak. Izan ere, Etxarriko herriko biztanleriaren gehiengoa bi familiak osatzen dute: oltxartarrek eta faranekuartarrek. Bi familien arteko bitxikeriak argituko ditu Txemak.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)