Itxi

22:00etan

"Herri Txiki, Infernu Handi" saioa Donamarian izango da gaur gauean

EiTB

Leer en Castellano

Nafarroako Malerreka eskualdean kokatuta dagoen herria ezagutzeko parada izango dugu oraingo honetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nafarroako Donamaria herrian izango dira gaur Zuhaitz eta Pagadi. 

Pagadik herriko alkatea izango du lehen bidelaguna. Herriko etxean egingo dute topo, eta bitxikeria mordoa kontatuko dizkio, tartean Gaztelu auzoaren historia. Gosari mardula egiteko abagunea izango du villabonatarrak, Joxantonio eta Laxarori esker. Etxeko atea hankekin ireki behar dela kontatuko dio Pagadiri, beste norbaiten etxera esku hutsik ezin delako joan. Segidan, Pagadik Joxantonioren semea ezagutuko du. Erik abeltzaina da, eta behiak motoa gidatzen duen bitartean gobernatzen ditu. Bisita amaitzeko, herriko klausurako komentura joango da, bertako kide batekin mintzatzeko asmotan, Olatz Garmendia azpeitiarrarekin. Klausurako komentua izanda herrira askotan joaten direla azalduko dio Garmendiak, eta, herriko jaietan, herri osoa beraien eraikinera joaten omen da egun-pasa egitera. 

Zuhaitzek bikote xelebre batekin hasiko du Donamariako abentura. Pili eta Joxepa ezagutuko ditu lehenik, lagunak eta amaginarrebakideak aldi berean. Piliren alaba eta Joxeparen semea ezkonduta daude, eta nola deskubritu zuten kontatuko dute. Jarraian, herriko udaltzaina ikusiko du Donamariako tirolina konpontzen. Cleofe du izena, eta, bere jatorri greziarraz aritzeaz gain, euskal izenen errepasoa egingo dute. Cleofek hamaiketakoa egiten du egunero amaren etxean, eta, aitzakia horrekin, Zuhaitzek Asuncion ezagutzeko baliatuko du tartea. Nahiko lan izango du Gurrutxagak Asuncion eta Cleoferen familiaren genealogia ulertzen. Donamarian ere bada kuxkuxerorik, eta horretan onena Poli da. Elizako atarian topatuko du, bertatik pasatzen den edonor kritikatzen. Gainera, gazte garaiko apustuen berri emango dio aurkezleari, eta, hobeto oroitzeko, apustua egingo dute elkarren aurka. 

"Herri Txiki, Infernu Handi" igandero dugu ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

 
 

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)