22:00etan
Etxebarriako bizilagunak protagonista, gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EiTB
Bi hilabeteren ostean, kalez kale ibiliko dira berriro ere Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak igande honetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak badu kalera ateratzeko garaia. Bi hilabetez etxean izan dira Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga, baina, konfinatu aurretik, oraindik telebistan eskaini gabeko saioak grabatzeko aukera izan zuten. Aste honetako saioan, Etxebarriako herritarrekin bizitako uneak ikusiko ditugu, berriro ere, ohiko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.
Gipuzkoarekin mugan dagoen Bizkaiko herri honen inguruko berezitasunak ekarriko dizkigute aste honetan. Mugak aipatuta, horixe izango dute abiapuntu. Etxebarriaren eta Markinaren arteko muga eztabaida iturri izan omen zen duela 100 bat urte, eta leku horixe, muga-muga, ezagutuko du Pagadik Aialaren bitartez. Zein izan ote zen garai hartako liskarra amaitzeko irtenbidea?
Bestalde, Antton Valverderen "Hamalau heriotzena" abestiko historia Etxebarriko Altzibar baserriko gertakari batean oinarrituta dagoela kontatuko dio Rosak. Rikardoren golf partikularrera joateko parada ere izango du Pagadik, eta Josuk udaletxe ondoan duten bolara igotzeko tentatuko du. Lortuko ote du?
Bestalde, Zuhaitzek Miren ezagutuko du, energiaz betetako emakumea. Bere tresna berezien artean, behiak noiz erdituko diren abisatzen diona erakutsiko dio, besteak beste. Herriko aguazilarekin, Txominekin, ere izango da Zuhaitz, eta harekin kontu-kontari arituko da Ingalaterran izandako pasarteez. Eta Txikiñen asmakizunek aho bete hortz utziko dute, ziur.
Amaitzeko, apustugile trebe batekin egingo du topo, Eñautekin, eta ziur Zuhaitz apustuaren aurrean ez dela kikilduko.
Horixe guztia izango da ikusgai gaur gaueko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.