22:00etan
Astigarragan izango da gaurko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa
EiTB
Konfinamenduaren aurretik, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Astigarragako herritarrekin bizitako uneak ikusiko ditugu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bigarren astez jarraian, igande honetako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga kalean ikusiko ditugu. Konfinamenduaren aurretik, Astigarragan grabatu zuten saioa, eta, gaur gauean, bertako herritarrekin bizitako uneak ikusiko ditugu.
Sagardoagatik hain ezaguna den herri honetako hainbat biztanle eta kontu ezagutzeko parada izango dugu. Xabier Urdangarinek, herriko alkateak, herria nondik datorren kontatuko dio Pagadiri: nola lehen udaletxea Santiago Mendin zegoen, eta nola herria gero beherantz hedatu zen. Txinguk eta Jose Marik Ergobia auzoaren historia kontatuko diote, eta hain famatua den "caja de caudales" baten misterioak azalduko dizkiote Pagadiri. Ilarrek ere badute garrantzia Astigarragan. Garai batean, baratzeak ilarrez beterik egoten ziren; Perikok eta Juantxok ondo dakite hori.
Bestalde, Zuhaitzek Mertxe ezagutuko du, energiaz betetako emakumea. Bere egunerokoari buruz hitz egingo dute, eta hain osasuntsu egoteko sekretua kontatuko dio. Lurdesek loreak saltzen ditu, eta Zuhaitzi neska-lagunari ezkontzeko eskatzeko taktikak erakutsiko dizkio. Xapaterok 91 urte ditu eta hamaika istorio bizi izandakoa da. Bertsoak biziki gustuko ditu, saioan nabaria izango dena. Eta, azkenik, Luis Altuna Etxeluzek hesolak egiten ditu etxean, eta Zuhaitzek bisita egin eta lanean lagunduko dio.
"Herri Txiki, Infernu Handi" saioa, gaur gauean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.