22:00etan
Urdazubiko kaleetan zehar, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa
EiTB
Kontrabandistak, osasunaren sekretua eta 100 arrautzako patata-tortilla, herriko bizilagunen eskutik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aspaldiko partez, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lantaldea kalera atera da grabaketak egitera, nora eta Nafarroara; Urdazubira, hain zuzen ere. Ohitura batzuk ez dira berehalakoan aldatzen, eta Pagadik, betiko legez, herriari buruzko informazio orokorra ezagutuko du herriko alkateari esker. Besteak beste, indianoen etxeak erakutsiko dizkio, baita Urdazubiko leize famatuak ere.
Egunaren erritmoa segituan bizituko zaio billabonatarrari, rally auto batean topatuko baitu hurrengo gonbidatua: Mattin. Urdazubiko gidaria Euskal Herriko txapeldun izatear dago koronabirusari esker, konfinamenduaren aurretik jokatu zen lasterketa bakarra Mattinek irabazi baitzuen, eta hurrengoak bertan behera geratu baitira.
Urdazubiren berezitasun nagusia Dantxarinea auzoa da. Nafarroa eta Lapurdiko muga-mugan dago, eta mugaz bestaldetik bezero mordoa joaten da egunero erosketak egitera bertako merkatura. Bere garaian, kontrabandorako kokaleku estrategikoa izan zen, eta trikimailu jakin batzuk erabiltzen zituzten zaindariak entretenitzeko. Hori eta gehiago jakingo du Pagadik, Txomin Iribarreni esker. Kontrabandoaren gaia are gehiago zukutuko du Mikel Zenoz gaztearekin. Ustekabean korrika harrapatuko du Urdazubiko parajeetan, zakua gainean daramala; izan ere, Urdazubin "Kontrabandisten lasterketa" jokatzen da urtero, eta ekimen horren atzean zer dagoen azalduko dio Zenozek. Nola ez, Pagadik entrenamendu serio bat egiteko aprobetxatuko du tartea.
Urdazubiko belardiak eta ganaduak politak dira, baina lan handia ematen dute egunero-egunero. Ondo daki hori Marixanek, eta Zuhaitz Gurrutxagaren bisita baliatuko du morroi lanak egin ditzan bere behiekin. Gainera, sasoi ona izateko sekretua kontatuko dio aurkezleari: etxe aurreko iturriko baso bete ur edatea. Marixanekin lanak bukatu orduko, han azalduko da Estanis, ama, 84 urteko emakume indartsua. Baso bete ur edatea barik, medikuarenera ez joateko sekretua baratxuri-zopa egunero hartzea dela aitortuko du. Horren harira, Bene, herriko medikua, ezagutuko du Zuhaitzek. Minak kentzeko metodo berri bat asmatu zuen: pazienteari dantza egitea.
Ezin etxera buelta egin indarrak berreskuratu gabe. Manoli Azkarraga ezagutzeko zortea izango du Zuhaitzek, eta haren errezetarik bereziena dastatzeko aukera izango du: 100 arrautzako onddo eta patata-tortilla.
"Herri Txiki, Infernu Handi" igandeetan ematen da, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.