Azken atala
Alkizatik osteratxoa, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EiTB
Hernio mendiaren babesean dagoen Alkiza herrian emango diote amaiera Zuhaitzek eta Pagadik denboraldiari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, ekainak 28, Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernua Handi" saioak denboraldiko azken atala eskainiko du. Honako honetan, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Alkiza herriko bizilagunen istorioak, bitxikeriak eta ohiturak ezagutuko dituzte.
Hasteko, Pagadi familiaz arituko da Aitorrekin. Handia da beraien familia: 16 anai-arreba dira, eta gazteena da Aitor. Bi aldiz eman zieten jaiotza-saria. Eskola garaian, familia-liburua eraman behar zuela-eta, bertan ez zela agertzen konturatu zen. Misterioa argituko digu. Amerikarzalea da Jexux Mari, hango guztia gustatzen zaio: country musika, hanburgesak eta whiskia. Baina bada gustatzen ez zaion zerbait: kriskitin-sugea. Hainbatekin egin zuen topo Ameriketan artzain egon zen garaian, eta aurre nola egiten zien kontatuko digu. Iraupen luzeko lasterketak egiten ditu Eñautek, eta prestatzen topatuko du Pagadik. 174 kilometroko lasterketak prestatzeko moduaz eta funtzionamenduaz ariko dira. Lorik egin gabe nola ibiltzen diren, jan-edanak nola egiten dituzten eta horrelako lasterketetan zer eraman behar den azalduko dio. Ondoren, Vanessa ikusiko du, sasiak garbitzeko makina eskuan. Kalekumea da Vanessa, festazalea, diskotekazalea, dotorea... eta baserrira nola moldatzen ari den ikusiko dugu. Kirol-galtzak eta txapinak jantzita erosotasuna topatu du.
Bestalde, Zuhaitzek Joxe ezagutuko du, 91 urteko gizona, geldirik egoten ez dakiena. Gosari ederra indarrak hartzeko, eta lanera. Sega pikatu, hankak arintzeko bizikletan ibili, eta bide-bazterrak garbitzera joango dira. Gero, Julen topatuko du, mikrouhin labea eskuetan duela. Janaria berotzeko barik, zertarako erabiltzen duen erakutsiko dio. Baita mugikorreko sekretuak, tonu martxosoa eta bere agenda partikularra ere. Parapentean ibiltzen erakutsiko dio Zuhaitzi. Shrabani, Jainkoaren ahotsa. Musikaria da bera, operan eta kantu lirikoan aritzen da, baita dultzaina jotzen ere. Ondoren, Javier ikusiko du, lur-sailari begira; gero zer txukundu behar duen begira egoten omen da: "ez utzi geroko gaur egin dezakezuna". Zeruan izena emanda omen dago Javier, eta hori zergatik eta nola egiten den azalduko dio.
Denboraldiko azken "Herri Txiki, Infernu Handi" ikusgai, gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.