Kargatzen...
Itxi

22:00etan

Arraia-Maeztu, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EITB

Leer en Castellano

Zuhaitzek eta Pagadik Araba ekialdeko Arraia-Maeztu udalerria bisitatu eta bertako bizilagunen istoriorik bitxienak ezagutuko dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arraia-Maeztu 16 herriz osaturiko udalerria da eta Maeztu da herriburua, bertan izango da aste honetako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa.

Alkateak Maeztun bertan egingo dio ongietorria Pagadiri. Gorrotxategik bost urte daramatza alkate postuan, eta zerbitzu gehiago lortzeko ume gehiagoren beharra azpimarratzen du. Azken urtean, lau haur jaio dira udalerri osoan eta horietako bi dira Aimar eta Teo. Pagadik horien amekin, Aitziber eta Olatzekin, egingo du topo eta suziriak botako dituzte, umeen jaiotza ospatzeko. Ondoren, Eguzkiargi etxeko Iker ezagutuko du. Herritar gutxi dira Ikerren etxea izen horrekin ezagutzen dutenak, denek 'La Casa del Tiro' izenez ezagutzen baitute. Izki parke naturalaren magalean dagoen etxeak badu berezitasun bat: eremu nudista da. Azkenik, kirola egiten bukatuko du Pagadik bisita. Txinga-proban aritzen den eta txapelduna den Kermanek txingen jatorria azalduko dio. Kermanek egunero entrenatzen du eta badu ezinbesteko laguntzaile bat: Ruper Ordorikaren musika.

Zuhaitzek Ataurin hasiko du eguna. Aliciak, hasieratik, izerditan jarriko du Zuhaitz, futbolean eta ohe elastikoan saltoka ibiliko baitira. Ondoren, Apilaizko zinema-areto bitxia ezagutuko du Zuhaitzek. Aitorrek zinema eramangarria du kotxean eta Apilaizko plazan osatuko dute aretoa, krispeta eta guzti. Maeztura bueltan, bizikletan doan Emiliorekin topatuko da. Emiliorentzat oso zaila da nongoa den azaltzea, euskalkien nahasketan atzematen zaio hainbat lekutan bizitakoa dela. Azkenik, Zuhaitzek dantzan bukatuko du Arraia-Maeztuko bisita. Elena zaldibitarrak Lindy Hop dantza estiloa egiten du, Swing izenarekin ere ezaguna dena. Beste bikote batekin batera, XX. mendeko Ameriketako Estatu Batuetako girora egingo dute jauzi Elenak eta Zuhaitzek.

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, "Herri txiki, infernu Handi" saioan.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)