Itxi

22:00etan

Iruraiz-Gauna bisitatuko dute gaur "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zuhaitz eta Pagadi Arabako lautadara mugituko dira 11 herriz osaturiko udalerria ezagutzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arabako lautadara egingo dute gaur bidaia Zuhaitzek eta Pagadik. Oraingoan, Iruraiz-Gauna eta bertako biztanleak hartuko dituzte protagonista.

Irune Santamaria izango da Pagadik ezagutuko duen lehena, Trokoniz herrian. Iruneren eskutik, Iruraiz-Gaunako mapa xelebrea ulertzen saiatuko da, Euskal Herriko udalerririk sakabanatuena baita. Herri bakoitzeko biztanleek hartzen duten goitizenen zerrenda ere birpasatuko duten bien artean. Ondoren, Trokonizetik Arrieta aldera egingo du Billabonako aurkezleak, eta Ion Saez de Urabairi lagunduko dio txitxirioak landatzen. Hala ere, aurretik, soroa garbitu beharko dute, urtero-urtero harri pila agertzen baitira, eta inork ez daki esplikatzen zergatik. Bisita borobiltzeko, herriko jaietako ohitura bitxi bat azalduko dio Arrietakoak Pagadiri: Patatoren jaitsiera. Hirugarren geldialdian ordea, Gazeon Iratxe del Barcorekin egingo du topo Pagadik eta Tourseko San Martin elizako horma-margoak ikusteaz gain, Iratxek eliza horrek bere bizitzan izan duen garrantzia azalduko dio. Alaitzan amaituko du eguna Mikelek, eta Josu Garcia de Garaioren eskutik jakingo du zer ziren eta zertarako erabiltzen zituzten herritarrek 'Corral de prendar' delako kortak, eta Andre Mariaren Jasokundearen elizako margo misteriotsuak ere ikusiko dituzte. 

Zuhaitzek, aldiz, Erentxunen hasiko du eguna. Jaione Saenz del Burgok herriko bi harribitxiak erakutsiko dizkio: ogia eta perretxikoak. Ondoren, bigarren geldialdia Ezkerekotxan egingo du. Han Satxorekin izango da, triatloietarako entrenamenduen ostean bi garagardo eta Tigretoi bat jateko ohitura duen gizon alaia. Ezkerekotxatik Alaitzara, Jose Antonio Plazaola 'Joxepo'rekin bilduko da herriko txokoan. Gaur egun dieta gehiago zaintzen duela azalduko dio Zuhaitzi. Eguna Gaunan bukatuko du aurkezleak Ane Agirreren eskutik. Herriko antzinako ohitura baten berri emango dio Anek, izan ere bertako familiek 600 urte daramatzate San Bitor izan zenaren kaskezurra zilarrezko estalki baten barruan gordetzen. Santuaren kaskezurretik pasarazitako ura edateak buruko minetatik eta nerbio-sistemarekin zerikusia duten gaitzetatik babesten omen duela kontatuko dio.

"Herri Txiki, Infernu Handi" igandetan izaten da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)