22:30ean
Arratzu, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EITB Media
Zuhaitzek eta Pagadik Bizkaiko Arratzu herriko bizilagunak ezagutuko dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaurko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Bizkaiko Arratzu herria ezagutuko dute eta bertan bizi diren hainbat auzokideen istorio bitxienak bilduko dituzte.
Borja Uribe izango da Mikel Pagadik Arratzun ezagutuko duen lehen herritarra. Bilbon jaio arren, Arratzuri izena eman zion etxean bizi da gaur egun. Pedro Mari Bastegietak Euskal Herriko txokorik "libreena" erakutsiko dio, bere baratzeen inguruan duen Siouxen tipia. Ondoren, Luis Alberto Luisal Uriarte topatuko du, kart txiki bat gidatzen dabilela. Herrian Lucho Herrera bezala ezagutzen dute, bere iragan txirrindulariarengatik. Bestalde, Jose Luis Obietaren txokora hurbilduko da Pagadi. Obietak 14 lagun inguruko otxote bat sortu zuen duela lau bat urte.
Zuhaitz Gurrutxaga, bere aldetik, Josefina Uriarterekin elkartuko da elizara bidean. Sei bat metroko erratz erraldoiarekin arituko dira biak elizpeko armiarma sareak garbitzen. Bere baserriko garajean Salbador Erleagak denetariko herri kirolak egiten jarriko du Zuhaitz. Ondoren, Eulalia Mallearen Iturburu baserrira gerturatuko da. 90 urte ditu Eulaliak eta sasoi betean dago; horretarako sekretua egunero jaten dituen azukrerik gabeko bost Maria gailetak dira. Txirripi izango da Zuhaitzek topatuko duen azken arratzuarra, eta azken urteetan Txirripiren oso gertuko bihurtu den Mari Carmen ere ezagutuko du. Ez da pertsona bat, ezta animalia bat ere, belarra mozteko makina berezi bat baizik.
"Herri Txiki, Infernu Handi" saioa asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.