23:15ean
"Herri Txiki, Zirku Handi" kantaldi berezia, Gabon gauean EITB Median
EITBMEDIA
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak kirolariak, bertsolariak, jostunak, EITBko aurpegi ezagunak, zirkuko artistak eta beste lagun mordoa gonbidatuko dituzte pistara.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Abenduaren 24ko gauean "Herri Txiki, Zirku Handi" emanaldi berezia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, Gure Zirkua euskal zirku ibiltari ezagunaren karpa ikusgarritik. Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gidatuta, gure gizarteko aurpegi ezagun ugari zirkuko pistara irtengo dira euskal abesti tradizionalak zein egungoak kantatzera.
Gure Zirkuako artistek emango diote hasiera funtzio bereziari "Last Christmas" kanta ezagunaren bertsio polit batekin. Ondoren etorriko dira, besteak beste, Xabier eta Kristina Solano; euskal jostunak; txirrindulariak eta kirolari olinpikoak, Maialen Chourraut buru dutela.
Agertokian, euskal futbol taldeetako neskek elkarrekin "Zer izan" eta "Erre zenituzten" abestiak eskainiko dituzte. "Festarik festa" kanta alaiarekin dantzatuko dute pentatloian aritzen diren gizon-emakume kirolariak. Eta Donostia Arraun Taldeko arraunlari gazteek "Bueltan da" abestiaren melodia ekarriko dute.
Garbiñe Biurrun, Eli Garmendia, Arantzazu Loidi eta Itziar Aizpuru laukoteak Mikel Urdangarinen "Non geratzen den denbora" aski ezaguna abestuko du. Hunkigarria izango da baita ere, Lizaso eta Peñagarikano bertsolariek eta Artola eta Laso pilotariek Panpi Ladutxi egingo dioten omenalditxoa. Eta berezia baita ere, Floridako Dania Jai Alaia frontoian ibilitako zestapuntalarien agerraldia.
Eta nola ez, EITBko aurkezle eta aurpegi ezagun asko ere bilduko dira ikuskizunera. "Aukera berriak" kanta Xabier Usabiaga, Nerea Reparaz, Jonan Apaolaza, Lierni Agirrezabala eta Xabier Ormazabal albistegietako aurkezleen eskutik entzungo dugu. Joseina Etxeberria, Ilaski Serrano eta Ainhoa Urretabizkaia hirukoteak "Negua joan da ta", "EH Sukarra" eta "Ikusi arte" arrakastak eskainiko dituzte. Mikroak eskuan ikusiko ditugu baita ere "El Conquistador" saioko Nahia Valencia, Iker Babio, Eider Alonso eta Eneko Van Horenbeke.
Bukatzeko, partaide guzti-guztiek zirkuko pista beteko dute denen artean "Hator hator" gabon kantarekin emanaldiari amaiera emateko.
Bideo bereziak
Abestiez gain, saioan zehar bideo bereziak eta sorpresak barra-barra izango dituzte. "Baserria" saioko lehiakideek Grease filmeko "Summer night" abestiaren bertsio umoretsua prestatuko dute. Pagadik, Realeko eta Athleticeko jokalariekin hitzordua egingo du zirkurako dohainak ba ote dituzten deskubritzeko. Eta Gozategi taldeak, 30 urte beteko dituenez, Zuhaitz Gurrutxagak pieza bat joko du taldekideekin. Legebiltzarkideek ere ez dute huts egingo eta Zetak taldearen "Zeinen ederra izango den" abestiaren doinuekin ausartuko dira.
"Herri Txiki, Zirku Handi" ostiral honetan izango da ikusgai, 23:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.