Bertsolaritza
Jon Maya dantzariaren pausoan joango da 15:00etan 'Hitzetik Hortzera'
A.E.|EiTB
Besteak beste, dantzaren eta bertsoaren arteko antzekotasunez ariko dira Errenteriako dantzariarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dantza eta bertsoa uztartuko ditu aste honetako 'Hitzetik Hortzera'k. Jon Maya dantzari ezaguna izango da gonbidatua, eta bere pausuan joango dira Errenteriako bertso-saiora. Herriaren inguruan ariko dira berarekin, eta baita bertsoaren eta dantzaren arteko antzekotasunez ere.
Bertsoa eta dantza uztartuta
Lotura horren lekuko da aste honetan berreskuratuko duten bertsoaldi historikoa ere. Bertsoa, dantza eta trikitiaren uztarketa moduan sortu zen Upeletan Erronka emanaldi berezia. 2006an Azkoitian egin zuten saio bat, eta dantza-doinu bizian kantuan aritu ziren Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña, eta beren erritmora aritu ziren dantzarien artean zen Jon Maya dantzaria ere.
Errenteria eta Durangoko bertsoak
Dena den, aste honetan ere plazako jardunak beteko du programako tarterik zabalena. Errenteria eta Durangoko jaialdietako bertsoaldirik onenak eskainiko ditu 'Hitzetik Hortzera'k, eta Jon Maia, Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Igor Elortza, Andoni Egaña eta Julio Soto entzungo ditugu kantuan.
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango da EiTB Nahieran-en.