Itxi

Gaur

Nikolas Segurola protagonista, gaurko 'Hitzetik Hortzera' saioan

A.E.|EiTB

Aste honetan Legazpi eta Zarauzko bertsoaldi onenak ere eskainiko dituzte.

Bertsolaritzari estu lotutako pertsona da Nikolas Segurola eta bera izango da aste honetako 'Hitzetik Hortzera'ko protagonistetako bat. Kantuan, gai-jartzen eta epaile aritu izan da; Arantzazun fraidea eta artzaina ere baden arren. Bera izango da gaurko programako protagonista. Aste honetan Legazpi eta Zarauzko bertsoaldi onenak ere eskainiko dituzte.

Bertsozaleentzat aurpegi ezaguna da Nikolas Segurolarena, bertsotan, gai-jartzen eta epaile lanetan aritu izan baita. Arantzazun fraidea da eta artzaintzan ere jarduna, Arantzazuko Gomiztegi baserrian artzain asko trebatua da Nikolas Segurola. Horrez gain, argitaratu berria da bere biografia: Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari. 'Hitzetik Hortzera'ko lan-taldea Arantzazun izan zen, eta berak kontatutako kontu eta pasadizoekin josiko dute gaurko programa.

Artzaintzari buruzko historikoa

Aste honetako bertsoaldi historikoan ere izango du lekurik Nikolas Segurolak. Artzainaren eta artzain-txakurraren larruan jarri zituen Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua, eta bertsoaldi bizi eta umoretsua eskaini zuten biek.

Zarautz eta Legazpiko bertsoaldiak

Eta, nola ez, plazako ohiko jardunak ere bere lekua izango du aste honetako programan. Bi saiotako bertsoaldiak izango dira aste honetan. Azaroaren 18an Legazpin kantuan aritu ziren Mikel Artola, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Alaia Martin, Ane Beloki gai-jartzaile zutela. Azaroaren 25ean, berriz, Zarautzen kantatu zuten Rosi Lazkanok, Felix Zubiak, Sustrai Colinak, Oihana Iguaranek, Danel Olanok eta Ainhoa Agirreazaldegik Ion Zalduak gidatuta. Bi saio horietako bertsorik onenak ekarriko dituzte 'Hitzetik Hortzera'ra.

Gaur ikusgai

Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango da EiTB Nahieranen.

 

Informazio gehiago (1)