15:00etan
Bertsoa eta literatura uztartuko dira, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
A.E.|EiTB
Eider Rodriguez izango da aste honetako gonbidatua.
Eider Rodriguez izango da gaur honetako gonbidatua 'Hitzetik Hortzera' saioan. Eider bera gidari zela, literatura gaitzat hartuta aritu ziren Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Ane Labaka Lasarte-Orian, trama formatuan. Hango bertsoaldi onenak ere eskainiko dituzte gaurko programan.
Azken urteotan saio batean baino gehiagotan uztartu izan dira bertsoa eta literatura. Lasarte-Orian egin zen azkeneko esperimentua, Eider Rodriguez gidari zela. Bera izango da gaurko 'Hitzetik Hortzera'ko gonbidatua, eta saiorako egindako lanketaz gain, literaturari lotuta dauzkan kezkak eta iritziak ere jasoko dituzte.
Trama berezia Lasarte-Orian
Lasarteko Xirimiri Elkartean gai-jartzaile eta tramagile lanetan aritu zen Eider Rodriguez. Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Ane Labaka izan zituen ondoan, berak prestatutako tramako pertsonaia bilakatuta. Prosa ederreko idazle kamutsaren paperetik aritu zen Ane Labaka; prosa traketseko idazle zorrotzarenetik Uxue Alberdi eta bien editore lanetan Maialen Lujanbio. Saioko bertsoaldi onenak bildu dituzte gaurko programarako.
Igogailuko eszena Tolosan
Bertsotarako gaien formatuan berrikuntza etengabea izan ohi da. Tolosan ere modu berezian jarri zien gaia Amaia Agirrek Sustrai Colina eta Igor Elortzari: bideo bidez. Igogailu batean egindako esperimentu bat ageri zen bideoan: mutil bat neska bati kolpeak ematen ari zen, jendearen erreakzioak neurtzeko. Bideo gogor eta harrigarri horren inguruan sentiberatasun handiz aritu ziren bi bertsolariak hamarreko txikian kantuan.
Gaur ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai eitb.eus-en ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango da saioa EiTB Nahieran-en.