Itxi

Bertsolaritza

Joxe Elorrieta izango da gonbidatua, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera'n

A.E.

Leer en Castellano

Loiu eta Mutiloan izandako bertsoaldien laburpena ere izango da entzungai.

Joxe Elorrieta izango dute gaur gonbidatu 'Hitzetik Hortzera' saioan. ELAko idazkari nagusi izan zen hogei urtez, eta ia urtero joan izan da Loiuko Aurregoiti jatetxeko bertso-afarira. Aurten bere konpainian entzun du saioak Arkaitz Estiballes eta Xabi Payaren jarduna. Eta Mutiloan Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek botatako alerik onenak ere jaso dituzte.

20 urtez ELA Sindikatuko idazkari nagusi izan ondoren, berriz ere zeresana ematen ari da Joxe Elorrieta. Liburu berria argitaratu ondoren, berarekin elkartu da 'Hitzetik Hortzera', eta bere konpainian joan dira Loiuko Aurregoiti jatetxean urtero egiten den bertso-afarira. Urtero xamar izan da bertan Joxe Elorrieta, eta sindikalgintzaz, erretiratu osteko asmoez eta bertsolaritzaz jardun dira berarekin.

Sebastian Lizaso, Lizarra-Garaziz kantuan

Bereziki gogoan du Lizarra-Garazi ekimena Joxe Elorrietak. Bertsogintzak berezkoa du gaurkotasun politiko eta sozialari kantatzeko joera, eta 90. hamarkada bukaera hartan maiz kantatu zitzaion gaiari. Sebastian Lizasok 1999an gai horri kantatu zion Zegaman egindako bertso jaialdian, eta bertso horiek berreskuratuko dituzte igandeko 'Hitzetik Hortzera'n.

Txarriboda Loiun

Loiuko saioan Arkaitz Estiballes eta Xabi Paya jardun ziren bertsotan, eta Iñaki Beitia Arbildu-k lagundu zien gai-jartzaile lanetan. Xabi Payari Donostia 2016 ekimenaz galdetu zion, eta Arkaitz Estiballes laster iritsiko den Korrikari buruz ere jarri zuen kantuan.

Bertso-afaria Mutiloan

Aste honetako programan beste bertso-afari bateko ale onenak ere bilduko dituzte. Otsailaren 25ean Mutiloan aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze. Urtero jolasen bat izaten da bertso-afarian, eta aurten ere menu berezia prestatu zuten antolatzaileek: plater tradizional bat eta, ondoren, haren bertsio modernoa jarri zieten jateko. Zaharraren eta berriaren arteko jolas hori bertso-gai bihurtu eta bertsolaritzara ekarri zuten.

Gaur ikusgai

Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango da saioa EiTB Nahieran-en.

Informazio gehiago (1)