15:00etan
Lander Garro, 'Hitzetik Hortzera'ko gonbidatua, gaur
A.E.| EiTB
Halaber, Lasarten Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabalen partaidetzaz Garrok gidatu zuen bertsoladiaren errepasoa ere egingo dute.
Lander Garro izango da gaur 'Hitzetik Hortzera' saioko gonbidatua. Argazkilaria, gidoilaria, bideogilea, idazlea... Langintza askotan aritzen da Errenterian jaio eta Hendaian bizi den sortzaile nekaezina. Bertsolaritzarekin ere izan du harremanik, 'Bertsoaren Aldagelan' eta 'Aulki-Jokoa' programak zuzendu baititu. Bere konpainian joango dira Lasarte-Oriara, saio berezi bat izan baitzen bertan otsailaren 17an: Lander Garro bera gidari zela, bertso-saio literarioa osatu zuten Ane Labakak, Uxue Alberdik eta Nerea Ibarzabalek. Baina bertsoaldi klasikoagoak ere izango dituzte aste honetako programan, bezperan Aizarnazabalen Iker Zubeldia eta Andoni Egaña aritu baitziren kantuan bertso-afaritan, eta hango alerik onenak ere bildu dituzte.
Bete-betea dator aste honetako 'Hitzetik Hortzera' programa ere. Luxuzko gonbidatu bat izango dute bidelagun: Lander Garro.
Arte askotako sortzailea
Bide asko landu dituen sortzaile nekaezina da Errenterian jaio eta Hendaian bizi den artista. Argazkilari, bideogile, gidoigile, idazle... jardun askotan aritua da. Gerra txikia obra da argitaratu duen azkeneko nobela, eta euskal literaturaz eta sortze prozesuaz dauzkan iritziak emango dizkigu.
Bertsoarekin ere badu harremanik Lander Garrok. Umetan bertso-eskolan aritu bazen ere oholtzapean egin dio ekarpenik handiena bertsolaritzari, ikus-entzunezko jardunean. Zuzendari lanetan aritu zen 'Bertsoaren Aldagelan' programan, eta azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aitzakian beste programa bat ere zuzendu zuen: 'Aulki-Jokoa'.
Bertso literarioak, Lasarte-Orian
Lander Garrok eramango gaitu aste honetako lehenengo saiora. Otsailaren 17an bertso-saio literarioa egin zuten Lasarte-Orian, eta Lander Garro bera jardun zen gidari lanetan. Ondoan izan zituen Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariak. Literatura ardatz hartuta, beren ahotik ezagutuko ditugu liburu batek eduki behar dituen ezaugarriak eta bizitza alda dezaketen liburuak. Eta umoreak ere izango du lekurik, literatur sariak gaitzat hartuta elkarri inbidiaz begiratzen dioten bi idazleren larrutik jardungo baitira Nerea Ibarzabal eta Ane Labaka. Eta Ane Labaka bera Uxue Alberdirekin ere umorez jardungo da, irakurri gabeko liburuen defentsa egin nahian.
Bertso-afaria Aizarnazabalen
'Hitzetik Hortzera'ko kamerak beste saio batean ere izan ziren, programarako bertso bila: otsailaren 16an Aizarnazabalen egin zen bertso-afarian. Iker Zubeldia eta Andoni Egaña jardun ziren kantuan, librean hasieran eta Mikel Aiertza gai-jartzaile zutela ondoren. Entzuleen berotasuna lagun, bertso-saio umoretsua osatu zuten ateraldiz ateraldi.
Bazkalostean, ETB1en
Hau guztia, eta askoz gehiago, igande bazkaloste honetan izango da ikusgai, 15:00ak aldera, ETB1en eta eitb.eus-en. Eta ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EiTB Nahieran atarian.