Itxi

Bertsolaritza

Mikel Labaka Realeko futbolari ohia, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioan

EiTB

Halaber, Alegian, Zarautzen, Aizarnazabalen eta Tolosan entzundako bertsorik onenak ekarriko dituzte pantailara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mikel Labaka futbolari ohia izango dute gonbidatu 'Hitzetik Hortzera' saioan igande honetan. Realean zazpi denboraldi egin zituen azpeitiarrak jokalari gisa eta gaur egun entrenatzaile-laguntzaile lanetan ari da. Futbolaz eta bertsoaz ariko dira berarekin. Eta bertsoz ere oparoa dator aste honetako programa, Alegian, Zarautzen, Aizarnazabalen eta Tolosan entzundako bertsorik onenak ekarriko baitituzte pantailara.

Mikel Labakarekin solasean

Futbol munduan izen ezaguna da Mikel Labaka azpeitiarrarena. Herriko Lagun Onak taldean hasi eta Realerako jauzia eman zuen gaztetan. Real Unionen eta Murtzian jokatu ondoren, 2004ean iritsi zen Realeko lehenengo taldera, eta han aritu zen 2011ra arte. Rayo Vallecanon bi denboraldi egin ostean hartu zuen erretiroa futbolari gisa. Dena den, gaur egun ere futbol zelaietatik gertu aritzen da lanean, Realeko lehenengo taldeko entrenatzaile-laguntzailea baita. Bera izango da aste honetako 'Hitzetik Hortzera'ko gonbidatua.

Bertsozalea da Mikel Labaka, hizketa patxadatsukoa. Bere futbolari ibilbideaz, futbolaren inguruko zirko mediatikoaz, eta kirolak eta kulturgintzak izan dezaketen harremanaz ariko dira berarekin. Eta, noski, bertsolaritzaz ere jardungo dira.

Giro beroa Alegiako Gaztetxean

Baina elkarrizketaz bakarrik ez, bertsoz ere ondo hornitua dator aste honetako programan. Alegiako Gaztetxean egingo dute lehenengo geltokia, bertan Oihana Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Andoni Egaña eta Jon Maia jardun baitziren kantuan, Iker Iriarte alegiarra gai-jartzaile zutela. Saio umoretsua atera zen, eta Jon Maia sukaldariaren ahotik jakingo dugu gainerako bertsolariei ze plater jarriko liekeen. Alaia Martinek autopsia egingo dio Andoni Egañari, eta honek bisturia bezain zorrotz erantzungo dio. Eta ariketa berezi bat ere ikusiko dugu pantailan, kartzelako lan originala egin baitzuten saioan: beste lau bertsolariek Andoni Egaña noiz ezagutu zuten kontatu zuten zarauztarrak ez entzuteko moduan eta, ondoren, kartzelatik bueltan, Andoni Egaña saiatu zen asmatzen atzekoek ze esan ote zuten. Ederki gozatu zuten entzuleek ariketa honetan.

Gai serioagorik ere izan zen, ordea, Alegian. Otsailaren 20an hamabost urte bete ziren epaile baten aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi eta zuzendaritzako zenbait kide atxilotu zituenetik. Euskaldunon Egunkaria-ren lehenengo alea eta Berria egunkariaren estreinakoa eskutan hartuta aritu ziren kantuan Jon Maia eta Beñat Gaztelumendi.

Bertso Eguna Zarauzko Gaztetxean

Zarautza ere joango dira bertso bila. Otsailaren 24an saio ederra izan zen Putzuzulo Gaztetxean. Abuztuan egin izan dira Azken Portuko festak, baina jai batzordearen eta udalaren arteko zenbait gorabehera tarteko 2017an ez zen bertso-saiorik izan. Atzerapenarekin izan arren, otsailaren 24an egin zuten saioa Beñat Jauregi, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Amets Arzallus, Eneritz Artetxe eta Iker Zubeldia bertsolariak eta Beñat Intxauspe gai-jartzailea oholtzan zirela. Gaurkotasun handiko bertsoaldiak ekarriko dituzte programara: alde batetik, Oihana Iguaran eta Amets Arzallus pentsionisten arteko elkarrizketa entzuteko aukera izango dugu. Bestetik, Oihana Iguaranen bakarkako eder bat ere berreskuratuko dugu. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian 'Gaur udaberri bat dabil' doinua atera zuen amasarrak, Ismael Serranoren 'Papá cuéntame otra vez' doinua oinarri hartuta. Beñat Intxaustik doinu horretan eta martxoaren 8ari begira amari galdezka jarri eta sorta ederra osatu zuen Oihana Iguaranek.

Baina umorerako tarterik ere izan zen Zarautzen, Iker Zubeldia eta Amets Arzallusen arteko elkarrizketa kasu. Elkarrekin ligatu eta zegamarraren etxera joan ziren biak. Baina Amets Arzallus harrituta zegoen gelako 'dekorazioa' ikusita. Algara ederrak sortu zituzten Putzuzulo Gaztetxean.

Bertsoa eta futbola

Itxuraz elkarrengandik urrun egon arren, bada harremanik bertsoaren eta futbolaren artean, urtarrilean Maialen Lujanbiok Realaren eta Bartzelonaren arteko partiduaren aurretik egindako ohorezko sakeak erakusten duen moduan. Azken asteotan plazetan askotan kantatu izan zaio gertaera horri, eta 'Hitzetik Hortzera'k bi bertsoaldi hautatu ditu horren inguruan jarduteko: Andoni Egañak Aizarnazabalgo bertso-afarian egindako bakarkakoa, eta Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok berak Tolosan osatutako ofizioa.

Hau guztia eta askoz gehiago bazkalostean izango da ikusgai, 15:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en. Eta zuzenean ikusi ezin dutenek internetez ere izango dute aukera EiTB Nahieran-en.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)