15:00etan
Iñaki Muruari elkarrizketa, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan
A.E-EiTB
Plazako jardunak ere izango du lekurik aste honetako programan, Zegamako jaialdiko ale onenak eskaintzeaz gain, Alegia eta Biriatuko bertsoaldi bana ere ekarriko baituzte.
Iñaki Murua izango dute gonbidatu gaur 'Hitzetik Hortzera'n. 13 urtez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izan ondoren, lekukoa zortzikote baten eskuetan utzi berria da gabiriarra. Bere etxera joango dira igandean bere sentsazioen eta 2005etik hona egindako ibilbidearen berri jakiteko. Eta, bide batez, bere bertsolari ibilbideari ere errepaso bat emango diote, bere bertsoaldi onenak berreskuratuz. Bere hizkera berezi, irudimentsu eta umorez jantzian kontatuko ditu une honetako sentipenak, eta baita Bertsozale Elkartean orain arte egin dituen urteetan bizi izandakoak ere.
Iñaki Muruaren bertsoak
Baina hizketan soilik ez, hitz neurtuetan ere abila da gabiriarra. Plazan ibilbide oparoa osatu du, eta, besteak beste, 1986 eta 1989ko Bertsolari Txapelketa Nagusietako eta 1991 eta 1995eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetako finaletan aritua da. Bere bertsoaldirik onenak ekarriko dituzte aste honetan pantailara, eta bertsolari bezala izan dituen esperientziak ere kontatuko ditu.
Bederatzikotea Zegaman
Eta, noski, gaurkotasun handiagoko plazako jarduna ere ekarriko dute programara. Joan zen igandean bederatzi bertsolari aritu ziren Zegaman kantuan, Amaia Agirre gai-jartzaile zutela. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu zen zortzikotearekin -Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre- batera aritu zen Iker Zubeldia. 400 lagun inguru aurrean zituztela saio ederra osatu zuten denen artean, eta alerik onenak eskainiko ditu 'Hitzetik Hortzera'k.
Biriatu eta Alegiko bertsoaldiak
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko zortzikotea aritu zen Zegaman, baina txapel kontuak izan zituzten Biriatun ere martxo hasieran. Azkeneko hiru txapeldunek -Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak- elkarri desafioka jardun zuten. Eta Andoni Egaña bera umoretsu aritu zen Alegian ere Jon Maia, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendirekin batera, gaztetxeari kantari.
Bazkalostean, ETB1en
Hori guztia eta askoz gehiago izango da ikusgai bazkalostean, 15:00ak aldera, ETB1en. Eta hortik aurrera, nahieran, EiTB Nahieran-en.