Kargatzen...
Itxi

Estreinaldia

'Hitzetik Hortzera' saioak Donostian abiatuko du denboraldi berria gaur

EITB

Leer en Castellano

Astero, herriz herri, bertsolaritzaren ekosistema osatuko du saioak Eider Perez aurkezlearen eskutik.

'Hitzetik Hortzera' saioa igande honetan itzuliko da Euskal Telebistako programaziora, 15:00etan. Denboraldi berri honetan, astez aste bertsolaritzaren ekosistema osatuko du saioak Eider Perez aurkezlearen eskutik. Lehen atalak Donostiara eramango gaitu, bertsoa urrutitik zein gertutik ikusteko leku aproposa.

Bertsolariak, gai-jartzaileak, bertsozaleak, bertso-eskolak, antolatzaileak, lekuak... horiek denak dira bertsolaritzaren mugimenduaren parte, eta horiek ekarriko dizkigu Eider Perez aurkezleak. Saioz saio eta herriz herri, lekuan lekuko bertsolaritzaren protagonistak izango dira Euskal Telebistan.

Protagonista eta elementu horiek dira bertsoaren habitata, ingurunea, flora, fauna, klima... bertsolaritzaren ekosistema, alegia. Atalez atal, ekosistema hori irudikatuko du mapa batean collage bidez, denboraldi amaierarako bertsolaritzaren mapa osatu arte.

Halaber, kontatzeko modu berriekin dator 'Hitzetik Hortzera', baina, urtero moduan, bertsolarien plazaz plazako jarduna izango da programaren oinarria. Gainera, gidoilari talde berria izango dute. Txakur Gorria taldeko Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo izango dira gidoilariak. Bertsolaritza ondo ezagutzen duen laukote gazteak ikus-entzunezko medioa eta ilustrazioa uztartuko dituzte. Gidoilari talde berria telebistan esperientzia handia duen lantaldearekin ariko da lanean, azken urteetan bezala, Bertsozale Elkarteko ohiko kideak ariko baitira lanean 'Hitzetik Hortzera'n: Felix Irazustabarrena, Jexux Mari Irazu, Gaizka Azkarate, Eneritz Urkola, Luis Gurrutxaga eta Haritz Arrizabalaga.

Gaurko atalean...

Bertsoak Donostiako txoko askotan entzun izan dira, eta Eider Perezek txoko horietako batzuk erakutsiko dizkigu igandeko 'Hitzetik Hortzera'n: Añorgako bertso-eskolan sartu, Antzoki Zaharrean bizi izan zen Indalezio Bizkarrondo Bilintx ezagutu, eta Trinitate plazako bertso-jaialdia eta Aieteko kantu jira erakutsiko dizkigu estreinako programan.

Donostiako Antzoki Zaharrean bizi izan zen Bilintx ezizenez ezagutzen dugun Indalezio Bizkarrondo Ureña poeta eta bertsolaria. Hitz gordinez eta sentimendu handiz landu zuen amodiozko poesia. “Triste bizi naiz eta hilko banintz hobe…” kantu ezaguna gogora ekarriko digu Perezek.

Era askotara bizi daiteke bertsoa, eta hari horri tiraka joango gara Añorgako bertso-eskolara. Eider Perez hango kideekin elkartuko da, eta galdetuko die nola eta zergatik hurbildu ziren bertso-eskolara, zer ematen dien bertako kide izateak, eta noizbait bertso-eskolatik plazarako jauzia egin duten.

Bertsorik ez da faltako denboraldi berriko estreinaldian, eta Donostian egin diren bi saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu. Batetik, Euskal Jaietan Trinitate plazan egin zen saioko hautaketa zabala entzungo dugu. Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jone Uria, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Sustrai Colina aritu ziren kantuan, Unai Elizasuren aginduetara. Bestalde, Aiete auzoan antolatutako kantu jiran bertsotan aritu ziren Alaia Martin eta Andoni Egaña; hango bertsoaldiak ere ekarriko ditugu.

Hori guztia igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EiTB Nahieran atarian.

'Hitzetik Hortzera'k 30 urte

Duela 30 urte, 1988ko abenduan, izan zen 'Hitzetik Hortzera' saioaren lehen emanaldia. Hilean atal bat eskaintzen zen garai hartan, eta geroago hasi zen asteroko emisioa. Orduko irudiak eta bertsoak ekarriko ditugu gogora aurtengo denboraldian, abendutik aurrera.

'Hitzetik Hortzera' Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoizten duten saioa da. Hedabide publikoak bertsolaritza sustatzeko hartutako konpromisoari esker, bertsozaleek astero izango dute hitzordua telebistan. Irailaren 30ean hasita, igandero, 15:00etatik aurrera.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)