Itxi

Bertsolaritza

'Hitzetik Hortzera', 15:00etan, plazako zirrikituetan barrena

EiTB

Leer en Castellano

Hainbat bertsolariren eta Miren Urquijo UPV/EHUko antropologia irakaslearekin eskutik jorratuko dute gaia.

Bertsolaritzan berebiziko garrantzia izan du beti plazak. Baina zeri deitzen diogu plaza? Zer da plaza on bat? Hainbat bertsolariren ahotik ezagutuko dituzte bertsoaren eta plazaren artekoak 'Hitzetik Hortzera' saioan. Horrez gain, Miren Urquijo UPV/EHUko antropologia irakaslearekin hitz egingo dute plazaren esanahiaz. Horrez gain, Loiuko Lauroeta auzoko eta Urnietako sanmigeletako bertsoaldiak eskainiko dituzte.

Miren Urquijo, antropologiaren eta espazioaren uztarketa

Batzuetan espazioa ez da fisikoa bakarrik, ezin da metrotan neurtu. Espazio bakoitzak bere arau eta legeak ditu eta bertso-plazak ere baditu bereak. Antropologiaren ikuspegitik plazaren esanahia ulertzeko UPV/EHUko antropologia irakaslea den Miren Urquijorekin elkartuko dira Usurbilgo dema-plazan. Bertso-plaza batek duen garrantziaz edota plazari oholtzak ematen dion esanahiaz galdetuko diote.

Zein iritzi du bertsolariak plazari buruz?

Hirugarren programa honetan lehen plazari buruz, plazak bertsolariari emandakoaz eta plaza on baten osagaiei buruz mintzatuko dira Miren Amuriza, Maindi Murua, Aitor Servier, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariekin.

Sustrai Colinak plaza pribilegiatutzat du Bilboko Santutxu auzokoa, besteak beste, nori kantatua badagoela sentitzen duelako. Horrela kantatu zuen 2018ko maiatzaren 5ean eta, plazari eskainitako programan, bertsoaldi hori berreskuratuko dute.

Sanmigeletako bertso saioak Loiun eta Urnietan

Igandero bezala, han-hemenkako bertso saioei tartea egingo diote. Loiuko Lauroeta auzoan kantuan aritu ziren Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Fredi Paia; gai-jartzaile lanak Iñaki Beitia Arbildu-k egin zituen. Urnietan San Migel jaietan, Agin Laburu, Andoni Egaña, Eli Pagola eta Miren Amuriza igo ziren oholtzara, Amaia Agirreren gidaritzapean.

15:00etan dugu hitzordua 'Hitzetik Hortzera' saioarekin eitb.eus-en eta ETB1en. Zuzenean ikusi ezin duenak Internetez izango du aukera EiTBren Nahieran-en.

Informazio gehiago (1)