!5:00etan
Unai Iturriagarekin asteburu pasa, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan
EiTB
Bertsolarien bizitza barrutik ezagutuko dute; eta horrekin batera, Oñatiko eta Iurretako bertsoaldiez gozatu.
Aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioan bertsolari baten bizitza barrutik nolakoa den ezagutzen saiatuko dira. Horretarako, Eider Perez Unai Iturriagarekin elkartuko da Durangon eta elkarrekin joango dira Oñatiko bertso saiora. Bertsolariak asteburua iristen denean nolako aldartea izaten duen ikusiko dugu bidaia horretan. Noiz pentsatzen du bertsolariak saioko hasierako agurra? Nolakoa izaten da etxerako bidea saioa ondo joan denean? Eta gustura geratzen ez direnean? Horiek eta beste hainbat galdera erantzungo ditu Iturriagak.
Oñatiko jaietako bertso saioa
Oñatiko Zubikoa kiroldegian Errosario jaietako bertso jaialdia egin zen. Oholtza gainera igo ziren Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga. Gai-jartzaile lanak Egoitz Atxaga oñatiarrak egin zituen. Oso giro onean egin zen bertso saioa, gai umoretsuak eta serioagoak jorratuz. Ezustekoren bat edo beste ere izan zen saioan zehar.
Bertso saioa da Iurretako sanmigeletako kultur jarduera garrantzitsuenetako bat eta urtero moduan, aurten ere bertsozalez gainezka izan da herriko pilotalekua. Kantuan aritu ziren Miren Amuriza, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia eta Aitor Bizkarra, Abadiñoko bertsolari gaztea. Gai-jartzaile lanak Unai Iturriagak egin zituen.
Zer esaten dio autoak Imanol Lazkanori?
Igandeko programan Unai Iturriagaren autoan egingo dute bidaia eta hain zuzen ere, historikoen atalean Imanol Lazkanok kotxearen lekutik kantatutako bertsoaldi bat ekarriko dute gogora. Lazkano ezaguna da ibilgailuan bertsoak kantatzen joateko ohitura duelako. Iturriagak berak jarri zion bertsotarako gaia.
Hori dena, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EiTBren Nahieran orrian.