15:00etan
Balkoitik balkoira bertsotan, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Haritz Mujikarekin Asteasuko udaletxeko balkoira igoko da saioa. Gainera, Pello Errota bertsolariaren heriotzaren ehungarren urteurrenari buruz gehiago jakin nahi izango du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bertsolariak sarri ikusten ditugu oholtzara igota kantari. 'Hitzetik Hortzera' saioa, ordea, gorago igoko da gaur, balkoira, eta bertan zer gertatzen den ezagutu nahiko du. Zer sentitzen du bertsolariak han goian?
Uda giroko epeltasunean, udazkeneko euri tanten azpian edota neguko hotzean, urte sasoi guztietan antolatzen dira balkoitik balkoirako bertso saioak. Sarritan librean izaten dira eta horregatik ohikoa da bertsolariek aurrean ikusten dutenari abestea: testuinguruari, plazari, jendeari, atrezzoari... gaurkotasuna duten gaiei ere tartea egin ohi diete, noski.
Bi bertsolari Asteasuko udaletxeko balkoian
Xenpelar Dokumentazio Zentroko artxiboen artean, argazki deigarri bat aurkitu du saioak: bertan ageri dira Pello Errota eta Joxe Bernardo Otaño bertsolariak Asteasuko udaletxeko balkoian. Hari horri tiraka, Haritz Mujikarekin elkartuko da Eider Perez balkoi horretan bertan. Pello Errota asteasuarra hil zela ehun urte beteko dira eta urteurren seinalatu hori ospatzeko zer antolatu duten galdetuko dio.
Algortan ohitura da uda sasoian balkoitik balkoirako bertso saioa egitea. Ekainaren 22an izan zen saioa Algortako portu zaharreko Etxetxu plazan, eta Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. Saran, aldiz, herriko bestetan izan zen bertso saioa irailaren 12an; han Aitor Servier, Amets Arzallus eta Maindi Murua bertsolariek abestu zuten. Eta, urriaren 7an Oñatin izan ziren bertsotan Agin Laburu eta Iker Zubeldia.
15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean izango da ikusgai 'Hitzetik Hortzera'. Zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EiTB Nahieran atarian.