Itxi

15:00etan

Bertsolaritzaren umoreak, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n

EiTB

Leer en Castellano

Amaia Agirrerekin, Ane Labakarekin eta Kike Amonarrizekin elkartuko dira.

Eider Perez, saioaren aurkezlea. (Argazkia: EiTB)

Bertsolaritzaren umoreak hobeto ulertzeko Amaia Agirrerekin, Ane Labakarekin eta Kike Amonarrizekin elkartuko dira gaur 'Hitzetik Hortzera' saioan. Tolosako eta Zeanuriko bertsoaldiak ere entzungo ditugu igandeko programan.

Askok bertso saio batera joan eta barre egitea da estimatzen dutena. Umoreak gauza sinplea dirudien arren, ez da horrela: giro aproposa behar du, momentu egokia, eta, batez ere, igorlearen eta hartzailearen arteko kode partekatua. Nola lortzen du bertsolariak, silaba neurtuetan, areto osoa barrez leherraraztea? Zeri egiten diogu barre eta nondik?

Bertsolaritzari eta umoreari buruzko galderak erantzungo dituzten hiru aditurekin elkartuko dira igandeko programan: Amaia Agirrerekin, Ane Labakarekin eta Kike Amonarrizekin. Amonarrizekin euskal umoreari eta bertan bertsolaritzak jokatzen duen paperari buruz hitz egingo dute; zer eskatuko ote dio Kike Amonarrizek bertso saio bati? Amaia Agirre bertsolaria gai jartzaile lanetan ere aritzen da: umoreak zertan lagundu eta zer oztopatu dezakeen galdetuko diote. Azkenik, Ane Labakarekin elkartuko dira. Labakak bi ikerketa egin ditu bertsolaritzan egiten den umorea genero ikuspegitik aztertuz eta, zehazki, txapelketan erabili diren umore motak aztertu ditu bere azken lanean. Bertsolaritzan zein umore mota egin izan da?

Tolosako eta Zeanuriko bertsoaldiak

Pasa den larunbatean Tolosako Leidor Aretoan egin zen Ataria komunikabidearen aldeko bertso-saioa eta igandeko programan hango bertsoaldi onenak entzungo ditugu. Oholtzara igo ziren Andoni Egaña, Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran; gai jartzaile lanak Amaia Agirrek egin zituen. Zeanuriko frontoian, aldiz, urteroko bertso jaialdia egin zen. Bertsotan aritu ziren Etxahun Lekue, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina. Arkaitz Estiballes aritu zen gai jartzaile lanetan. Hango bertsoak ere eskainiko ditu 'Hitzetik Hortzerak.

Hori dena, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)