Itxi

15:00etan

Herrietako ohiturei kantuan, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Iturengo inauteriek, Makeako Libertimenduak eta Usurbilgo santa eskeak utzitako unerik onenak ekarriko ditu gogora Eider Perezek gidatutako saioak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaurko 'Hitzetik Hortzera' programan herrietako ohiturei kantatuko diete. Iturengo inauterietan, Makeako Libertimenduan eta Usurbilgo santa eskean izan dira, eta hango bertsoaldi onenak ekarriko dituzte pantailara. Gainera, Aitzpea Leizaola antropologoarekin hitz egingo dute usadio eta ohiturei buruz.

Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herrian biziberritzen ari diren Libertimendua zer den ezagutuko dugu, eta bertakoek ohitura honen nondik norakoak azalduko dizkigute. Jarraian Iturenera joango gara, bertako inauterietan murgiltzera. Usadio honen ospakizunak herrian izan dituen aldaketei buruz hitz egingo dute iturendarrek, Kontuen Egunean egiten den bertso bazkarian. Otsaileko ohituren errepaso honen azken geldiunea Usurbilen egingo dugu. Euskal Herriko beste auzo eta herri askotan bezala, santa eskean ateratzen dira Usurbilen, kopla kantari.

Iturengo inauterietako Kontuen Eguneko bertso bazkarian Agin Laburu eta Maialen Lujanbio entzungo ditugu bertsotan; Makeako Libertimenduan, Amets Arzallus eta Elixabet Etxandi; eta, azkenik, Usurbilgo santa eskeko kantu jiran Aitor Agirre, Beñat Iguaran eta Oier Iurramendi bertsolarien koplak entzungo ditugu.

Ohituren zergatian sakontzen, Aitzpea Leizaolarekin

Ohituretara ere ohitu egin ohi gara, baina ez dira gauza arrunta. Aitzpea Leizaola UPV/EHUko antropologoa da, eta usadio eta ohiturei buruz hitz egiteko elkartuko dira berarekin Donostian. Antropologo baten betaurrekoak jantzi eta ohitura hauek nola definitzen diren ulertzen ahaleginduko dira saioan. Bertsolaritza ere ohitura hauen parte da, eta, besteak beste, ahozkotasunak euskal ohituretan ze paper jokatzen duen galdetuko diote Aitzpeari.

Guzti hori, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Zuzenean ikusi ezin duenak internet bidez ikusteko aukera ere izango du EiTB Nahieranen.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)