Itxi

15:00etan

Bertsolaritzaren kontrasteak, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n

EiTB

Leer en Castellano

Maialen Lujanbiok gai horren inguruko hainbat gako emango ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kontrasteei buruz arituko dira gaur 'Hitzetik Hortzera' saioan. Nola kantatzen dute bertsolariek gaur hiriko aretoan, bihar tabernan eta etzi herriko plazan? Maialen Lujanbiok eman dizkigu zenbait gako: Lasarte-Oriako bertso-saio literarioan eta Astigarragako Ipintza sagardotegiko bertso-bazkarian egon dira berarekin.

Inguru ezberdinetara egokitu behar denari buruz hitz egiteko orduan, askotan erabili ohi da kameleoiaren metafora. Bertsolariek, kameleoiek bezala, ingurura egokitzen ikasten dute. Asteburu batean bi saio guztiz ezberdinetan kantatzea suerta dakieke. Horren adibide izango dira aste honetako 'Hitzetik Hortzera'ko bi bertso-saioak. Maialen Lujanbio kantuan ikusiko dugu Lasarte-Oriako bertso-saio literarioan, eta, hurrengo egunean, Astigarragako Ipintza sagardotegiko bertso-bazkarian. Nola aldatu azalez hainbestetan eta esentzia mantendu aldi berean?

Maialen Lujanbio, kolore ezberdinetan eroso dabilen kameleoia

Igandeko programan, Eider Perez aurkezlea Maialen Lujanbiorekin elkartuko da. Gaur egun, kantuan diharduten bertsolarien artean jendaurrean gehien kantatzen duen bertsolarietako bat da hernaniarra. Zeintzuk dira beretzat gaur plazan, bihar aretoan eta etzi sagardotegian gustura eta eroso kantatzeko gakoak? Jakin badakigu bertsolariak ez duela soilik kameleoiak bezala kolorez aldatzeko lana egin behar. Bertsolariak kolore ezberdin horietan eroso jarduten ikasi behar du, eta gorputzaldi aldaketa hori nola egiten duen jakingo dugu. Horrez gain, bertsolariak publikoa nola irakurtzen duen ere galdetuko diote.

Hala, bertsolaritzaren kontrasteak bistaratzeko, kontraste handiko bi saio ekarriko dituzte. Lasarte-Oriako bertso-saio literarioan kantuan aritu ziren Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi; gai-jartzaile lanak Oier Guillan aktoreak egin zituen. Bestalde, Astigarragako Ipintza sagardotegian Zaporeak elkartearen aldeko bertso-bazkarian kantuan izan ziren Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.

Jon Lopategi eta Jon Enbeita, Andoainen

'Hitzetik Hortzera'k 30 urte bete ditu, eta lehen programa horietako irudiak eta bertsoak berreskuratzen dihardu hilero hori ospatzeko. Aste honetan, bigarren atala gogoratuko dute. Jon Lopategi eta Jon Enbeita Andoainen entzungo ditugu bertsotan; Imanol Lazkano, Jon Azpillaga eta Roman Maiz Okelar, Mutrikuko bertso-bazkari batean, eta, gainera, Lazkao Txikiren eta Manuel Lasarteren hitzak ere ekarriko dituzte gogora.

15:00etan izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Hitzetik Hortzera', eta, ondoren, EiTB Nahieran atarian, noiznahi.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)