15:00etan
Historiako emakume bertsolarien pausoei jarraika, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Alaia Martinek eta Oihana Iguaranek emango dute orduko bertsolari haien berri.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Historiako emakume bertsolarien pausoei jarraituko diete gaur 'Hitzetik Hortzera'n. Leku publiko askotan kantatu zutela ikusiko dugu, baita txapelketak irabazi ere. Alaia Martinek eta Oihana Iguaranek emango dute orduko bertsolari haien berri. Bertsoaldiak ez dira faltako.
Historiaren kontakizuna mugatua izan ohi da, baita bertsolaritzaren kasuan ere. Gizonekin alderatuta askoz gutxiago dira gaurdaino iritsi diren emakume bertsolarien izenak, bertsoak, argazkiak zein kontakizunak. Hala ere, horrek ez du esan nahi ez zirenik izan. Aztertzen hasiz gero konturatuko gara historiako emakume bertsolariek uste baino leku gehiagotan kantatu zutela. Igandeko programan horietako batzuren bertsoak ezagutuko ditugu, egungo bertsolarien ahotik.
Bost aldiz txapeldun, Lore Jokoetan
XIX. mendean antolatu ziren lehenengo aldiz Euskal Lore Jokoak Lapurdin, eta pixkanaka hedatuz joan ziren Ipar Euskal Herriko gainerako probintzietara, baita hegoaldekoetara ere. Lore Jokoetan bertsolarien arteko sariketak egiten ziren, eta horietako bost emakumeek irabazi zituzten. Gaurko begiradatik orduko Lore Jokoak zer ziren ulertzen ahaleginduko dira. Emakume haien orduko bertsorik jasota ote dago?
Igandeko programan XIX. mendeko lau bertsolariren kontakizunak ere ekarriko dituzte: Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar, Joxepa Iñazi Elizegi, Mikaela Elizegi eta Plazida Otaño bertsolarienak. Historiako pasarte hauek gurera ekartzeko lanean kontu-kantari arituko dira Alaia Martin eta Oihana Iguaran.
Bertsoaldirik ez da faltako eta kantuan entzungo ditugu Alaia Martin, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran, Irunen, Pasaian eta Senperen izandako bertso saioetan.
Hori dena igandean, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EiTB Nahieranen.