Bertsolaritza
Gaur hasiko da 'Hitzetik Hortzera'ren denboraldi berria
Informazio pilulak izango ditu, eta umoreak ere bere lekua izango du. Eider Perezek josiko ditu atal batetik besterako hari-muturrak, igande arratsaldero, ETB1en eta eitb.eus-en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bertsolaritzaren erakusleiho nagusietakoa itzuliko da gaur, urriak 6. 'Hitzetik Hortzera'k 30. denboraldia beteko du aurten, eta hitzordu berari eutsiko dio: telebista-saioa igandeetan izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.
Eider Perez izango da gidari aurten ere. Iaz, denboraldia amaitzerako, saioen collagearekin irudi ederra osatu zuen; oraingo honetan, maletarekin ikusiko dugu hara eta hona. Han jasoko ditu denboraldiko oroitzapenak, argazkiak edota objektuak.
Bestalde, atal berriak ere izango ditu: informazio pilulak eskainiko dira, pil-pilean dauden albisteak ezagutarazteko; umoreak tartea izango du saio bakoitzaren amaieran; eta ikus-entzuleek ekoizpenean parte hartzeko aukera izango dute, bertsoaldiak bidalita. Era berean, pertsona famatuen gustuko bertsoaldiak ezagutzeko aukera izango dugu.
Bertsoan ez ezik, beste sorkuntza moldeetan ere jarriko du arreta programak, eta, emakume bertsolarien historiaren inguruan arituko dira zazpi ataletan. Halaber, bertsolari zenbaiten saio monografikoak izango dira.
Bertsozale Elkarteak egiten du programa ETBrekin elkarlanean, eta, iaz bezala, Txakur Gorriak taldea ariko da denboraldi honetan ere gidoiak egiten.
Urriaren 6an bertsolaritzaren maleta betetzen hasiko dira. Igandeetan, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' ETB1en eta eitb.eus-en.