15:00etan
Bertsozale Eskolaren hezkuntza proiektuaz, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan
EiTB
Abanto Zierbenako Askartza Isusi eskolako haurrekin elkartu dira, Idoia Anzorandia irakaslearen eskutik.
Ikasle artean murgilduko da 'Hitzetik Hortzera' saioa gaur. Bertsozale Elkartearen hezkuntza proiektua ezagutu nahi izan dute eta, horretarako, Abantoko Askartza Isusi eskolako haurrekin elkartu dira, Idoia Anzorandia irakaslearen eskutik.
1985etik dago martxan Bertsozale Elkartearen hezkuntza proiektua, eta, gaur egun, euskararen lurralde osoko 213 herritara iristen da, 463 eskola publiko, ikastola zein itunpeko ikastetxetara. Guztira 50 irakaslek dihardute lan honetan, eta 28.454 ikaslerekin aritzen dira.
Aipatutako 50 irakasle horietako bat da Idoia Anzorandia, eta bere bertso eskola batera gonbidatu du Eider. Biribilean eserita, txandaka inprobisatzen aritu dira haurrak, eta primeran pasatu dute hitzarekin jolasean. Horren lekuko izango da 'Hitzetik Hortzera' aste honetan.
Ikasmaterial zabala eta landua
Ikasmateriala sortzen ari da, etengabe, Bertsozale Elkarteko irakasle lantaldea. Mundu bat bertso liburu sortaz gain, orain bertsoikasgela.eus ataria ere baliatzen da gelan bertsolaritza lantzeko. 2011. urtean Bertsozale Elkartearen ikasmaterialak EAEko Hezkuntza Sailaren Ixaka Lopez Mendizabal saria jaso zuen.
Bestelakoak ere izango dituzte. Hainbat artistaren ekarpenez berrinterpretatutako beste bertso sorta bat eskainiko dute oraingoan ere; Beñat Gaztelumendik beldurrari idatzitako sorta, hain zuzen. Lierni Kamio eta Beñat Monfort dantzariek gorpuztu dituzte hitzak, Araitz Bizkai eta Gari Otamendi musikariekin eta Maddalen Arzallus bertsolariarekin batera.
Gainera, Euskal Herriko hainbat txokotan izan diren bertsoaldirik aipagarrienak ekarriko dituzte pantailara: Zaldibiako Zapi Janztean entzundakoak, Antzuolakoak eta beste hainbat ale.
'Hitzetik Hortzera', igandero, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; eta, edonoiz ikusteko, EiTB Nahieranen astelehenetik aurrera.