Gaur bazkalostean
Bertsolarien etxeko hizkuntza errealitatea gertuagotik, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Bi bertsolariren etxeko hizkuntza errealitatera gerturatuko dira: Aitor Servier eta Aitor Mendiluze.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gero eta euskaldun gehiago dira euskara etxetik jaso ez dutenak, eta horien artean daude zenbait bertsolari ere. Gaurko 'Hitzetik Hortzera' programan bi bertsolariren etxeko hizkuntza errealitatera gerturatuko dira: Aitor Servier eta Aitor Mendiluze.
Baionako Kalostrape ostatuan egin dute hitzordua Aitor Servier bertsolari azkaindarrarekin. Gurasoekin frantsesez aritzen da egunerokoan, eta ikastolan jaso zituen euskara eta bertsozaletasuna. Igeldon elkartuko dira Aitor Mendiluze bertsolari andoaindarrarekin. Ama Burgoskoa izanagatik, berak eraman zuen lehen aldiz bertso-eskolara. Etxean bertsolari izaera nola bizi duten azalduko dute, eta lagunartean guraso erdaldunak izanagatik sumatu dituzten erreakzioei buruz ere hitz egingo dute.
Bestalde, hiru bertso-saioren pasarte onenak bilduko dituzte: Gernikako Lizeo aretoan Jon Lopategiri egindako omenaldikoak; Durangon Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen baitan ospatutako Euskal Herriko emakume, trans eta bolloen anti-kopla txapelketakoak, eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoko jaialdikoak.
Azkenik, Kattalin Miner kazetari eta aktibista feministaren bertsoaldi kuttuna zein den ezagutuko dugu.
'Hitzetik Hortzera' igandero izaten dugu ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.