Itxi

15:00etan, ETB1en

Bertsolaritza Pirinioetan biziberritzen, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan

EiTB

Han bertsoa berreskuratzen ari diren zenbait lagun izango dituzte solaskide: Aimar Karrika, Karine Etxeberri eta Txentxo Hernandez.

Eider Perez aurkezlea Karine Etxeberri gonbidatuarekin hizketan, programako irudi batean

'Hitzetik Hortzera' saioan, Pirinio inguruetako bertsolaritzaren egoera ezagutuko dute gaur. Han bertsoa berreskuratzen ari diren zenbait lagun izango dituzte solaskide: Aimar Karrika, Karine Etxeberri eta Txentxo Hernandez. Bestalde, Iruñeko Bertsoaroak emandakoa ere izango dugu gozagai.

Hizkuntza bat ez da beti galtzen ez dakitenen edo dakitenen erabakiz; beste zenbait neurrik ere eragin dezakete galera hori. Eta euskara larri dabilen lekuan, bertsolaritzak ere ez du arnasarik bizirik irauteko. Zorionez, hainbat herri dira hizkuntza eta bertsolaritza biziberritzearen alde lanean ari direnak.

Aste honetako 'Hitzetik Hortzera'n, horretan ari diren hiru pertsona ezagutuko ditugu. Urte askoren ostean, duela 13 urte Auritzen antolatu zuten jaialdia bertsolaritza berreskuratzeko oso garrantzitsua izan zen. Ordutik, beste hainbat saio antolatu dituzte hango bertsozaleek: horietako bi dira Aimar Karrika auriztarra eta Txentxo Hernandez mezkiriztarra.

Gaur egun han euskarak duen egoerari buruz mintzatuko dira haiekin, eta, nola ez, bertsolaritzak duen osasun egoerari buruz ere galdetuko diete. Biak izaten dira Pirinioaldeko bertso-eskolan, besteak beste, Bardoak taldekako txapelketarako prestatzeko. Bertso-eskolan sarri elkartu ohi zaie Karine Etxeberri. Karine Urruñan bizi da, baina urepeldarra da jaiotzaz, bertsogintzak historia ezaguna duen eremukoa; hango egoera nolakoa den azalduko du.

Bestalde, Durangon izandako jaialdian ereindako bertsoaldi sorta ikusteko aukera izango da, baita Iruñeko Bertsoaroaren baitan izandako bertso-saioa ere.

'Hitzetik Hortzera' 15:00etan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, eta baita EiTB Nahieran atarian ere.

Informazio gehiago (2)